ESZENA

Euskal antzerkiak behar ditu

Gaur, otsailak 19, Patxo Telleriaren Ez Dok Ero ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da, Basauriko Social Antzokian, 19:00etan hasita. Telleria bera eta Mikel Martinez dira protagonistak eta Jokin Oregi da obraren zuzendaria. Lan horrek euskal kultura, euskal antzerki eta euskal gizartearen irudi deformatua, barregarria eta haluzinatua eskainiko du.

Tartean taldearen Ez Dok Ero ikuskizunak honakoa kontatzen du: Mikelote eta Pantxo bikote artistikoa desegin da. Haien formula komikoa gastatua zegoen, eta belaunaldi berriek haien tokia okupatu dute. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Eskenatokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen, artearen eromenetik urrun. Mikelotek ez du bukaera onartu nahi. Antzerkiaren pozoia sakon errotuta dago bere zainetan. Eta pozoi horrek burua galtzeraino eramango du. Egun batean Mikelote, antzerkilari andante estrafalarioa, Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskalerrian barna joateko, herriz herri antzeztera, “Euskal antzerkiak behar gaitu” uste inozoarekin. Horrela ibilbide fantastiko bat egingo dute Euskal Herrian zehar, hamaika abentura ero biziz.

Autoreak berak esan duenez, “Ez Dok Ero fikziozko istorio bat da, baina errealitatean ditu sustraiak ondo erroturik. Autoreferentziala da neurri handi batean. Mikel eta Patxoren autofikzioa hor dago denbora guztian, geure buruaz barre egiteko ironia handiz eta batere gupidarik gabe. Eta gure buruaz ez ezik, gure gizarteaz ere egiten dugu barre, eta euskal kulturaz eta, nola ez, euskal antzerkiaz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button