ESZENA

Arriaga Antzokiak 2022-2023 denboraldia aurkeztu du

Arriaga Antzokiak prest dauka 2022-2023 denboraldia, aurtengo abuztutik datorren urteko ekainera arte luzatuko dena. Atzo buruturiko prentsaurrekoan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Calixto Bieito Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak horri buruzko xehetasunak eman zituzten.

Betiko legez maila handiko aktore eta musikarien interpretazio eta ikusgarriak bilduko ditu aurtengo programazioak. Denboraldiko proiektu garrantzitsuenetako bat izango da urtebete barru denboraldiari amaiera emango diona, 2023ko ekainean ikusi ahal izango dena, hilaren 22an eta 24an. Orgia da, Pier Paolo Pasoliniren antzezlan zirraragarrian oinarritutako opera. Héctor Parrak konposatu du, eta Calixto Bieito ikuskizunaren eszena-zuzendariaren libretoa du.
Arriaga Antzokiak beste hiru ikuskizun ekoitziko ditu: Moto-Membra Jesu Nostri, urriaren 14an ikusgai egongo dena, eta Eneko Sagardoy aktoreak idatzitakoa eta interpretatutakoa;  Siface: L’amor castrato kontzertu antzeztua eta Ane Pikazak zuzendutakoa; eta Alessandro Scarlattiren Cain, overo Il primo omicidio oratorio antzeztua.

Aipatzekoa ere bada, Pío Barojaren La lucha por la vida lana, Ramón Barearen zuzendaritzapean. Itziar Lazkano, Ione Irazabal, María Cerezuela, Alfonso Torregrosa, Mikel Losada, Arnatz Puertas, Aitor Fernandino edo Ramón Barea bera dira antzezle horietako batzuk.
Alex Gerediagak zuzendu duen Faces izeneko ekoizpen propioa ere aurtengo urrian (19an eta 20an) izango da ikusgai, pandemiaren ondorioz edukiera murriztuta zegoen garai batean estreinatu baitzen. Beste aldetik, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak, Bilboko Arriaga Antzokiak eta Gasteizko Principal Antzokiak sustatutako Antzerkigintza berriak programan hautatutako proiektu bat ikusiko da agertokian: Galder Irustaren La celda sin noche, Mireia Gabilondok zuzentzen duena.
Arriaga Antzokiak Horman Poster kolektiboarekin elkarlana egingo du Souvenir, komeria extralurtarra euskarazko antzezlanean; bai eta Adriana Bilbao dantzari eta koreografoaren dantza-proiektu hunkigarri batean ere: Zarra ikuskizuna (Telmo Zarra Athleticeko aurrelari ospetsua).
Beste gauza askoren artean ere, Gordo, basko y maricón, Mitxel Santamarinaren ikuskizuna izango da oholtza gainean. Eta beste estreinaldi bat Gontzal Mendibilen proiektu berria izango da, Hazia musikala, Arrasateko eredu kooperatiboaren bultzatzaile izandako Jose María Arizmendiarrietaren bizitza eta egintzak laburbiltzen dituena. Hamaika musikari, sei kantari, 16 interpretatzaile, dantzari talde bat eta Easo Abesbatza arituko dira urriaren 1ean egingo den hitzorduan.

Arriagak honako emanaldi hauek ere eskainiko ditu: Abizena, Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarrirekin (urriak 2); Sexberdinak (urriak 3) eta Sexpiertos (urriak 4), Aitziber Garmendia eta Telmo Iruretarekin; Hondamendia (azaroak 20), Harkaitz Canorena, eta Ander Lipus aktorearekin; Ez naiz Dublinen egon (urtarrilak 10) Mireia Gabilondok zuzendua; Rey desnudo y chico muerto (martxoak 17), Pabellón 6-ko Gazte Konpainiarena; eta La verdadera historia de la muerte de Francisco Franco (apirilak 19), Alfonso Torregrosak antzeztua.

Euskarazko sormenak bere tokia ere izango du Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak sustatutako Literatura eta Musika Euskaraz zikloarekin. Urriaren 17an hasiko da, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandiaren Olatu arteko txalupa arraroa obrarekin; Joxan Goikoetxeak Hesia Urraturik kontzertua egingo du, Xabier Leteren omenez (azaroaren 14an); urtarrilaren 23an, Itziar Ugarte eta Iban Yañizen errezitala egongo da; otsailaren 20an, Beira taldearen emanaldia; eta apirilaren 24an Iker Laurobak zikloaren azken errezitala eskainiko du.
Eta musikarekin jarraituz, martxoaren 18an, Benito Lertxundik kontzertua eskainiko du.

Ikusten denez programazio guztia jorratzea ezinezkoa da, ia ehun emanaldi ondu baitira datorren sasoirako, baina jakingarri guztiak Arriaga Antzokian topatuko dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button