ARTEA

Hamahiru artista mundua berriz asmatzen

Bilboko Rekalde Aretoak, FRAC Aquitaine-rekin elkarlanean, Réinventer le monde erakusketa kolektiboa aurkeztu du. Bertan parte hartu duten hamahiru artistek “errealitatea bisitatzeko, pentsatzeko eta eraldatzeko nahian bat datoz, ikusleak bere jarduerari buruz gogoeta egin dezan”. Erakusketa zabalik dago maiatzaren 5a bitarte, eta LLET Akitania-Euskadi euroeskualdearen laguntzarekin egin da.

Erakusketa lau ataletan banatzen da: Egitea, ez egitea edo desegitea; Mendialdeko egunak; Erresistentzia; eta, azkenik, Gogoeta egiteko objektuak.

Erakusketan askotariko lanak paratu dituzte, besteak beste: Claude Lévêqueren (Nevers, Frantzia, 1953) giza burmuinaren marrazki labirintikoa, neoi gorrien hodiekin egina; Joachim Mogarraren (Tarragona, Espainia, 1954) Série Biblique osatzen duten bi argazki; Florian Pugnaireren (Maisons-Laffitte, Frantzia, 1980) Stunt Lab bideo- eta eskultura-lana, edo Dove Alloucheren (Sarcelles, Frantzia, 1972) Melanophila II ou l’ennemi déclaré marrazki-saila, non denboraren ideia sartzen den espazio naturalaren pertzepzioan.

Rekalde Aretoak erakusketarekin kaleratu duen argitalpenean, gainera, Alexandra Baurès komisarioaren testuak jaso dira. Horretaz gainera, Jaime Cuencaren idazki bat ere bildu da, Iratxe Jaio & Klaas van Gorkum eraikitzen ari diren lanaren gainekoa, hain zuzen ere.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button