LITERATURA

Etxepare sarietan, “Kiratsa” izeneko albuma irabazle suertatu da

Iban Illarramendi eta Eider Perez egileek irabazi dute 2022ko Etxepare saria Kiratsa izeneko albumarekin.

Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osaturiko epaimahaiaren iritziz, testua ezin egokiagoa da album baterako: laburra, errimaduna, aberatsa eta onomatopeietan oinarritua. Ezin aproposagoa errezitatzeko eta dibertitzeko. Ilustrazioak dotoreak dira, sofistikatuak -hainbat oihartzun eskaintzen dute, hala nola René Magritteren zeruenak- eta, batez ere oso narratiboak eta musikaltasunez beteak.
Testuaren eta ilustrazioen arteko uztarketa goi mailakoa da eta esan daiteke idazle-ilustratzaileek album, ilustratu, jostagarria eta harmonikoa lortu dutela, irakurleentzako benetako oparia, behin eta berriro irakurtzeko eta usaintzeko gogoa emanen duena.

Kiratsa album ilustratuak Ñimi kukuso edo arkakuso baten abenturak ditu ardatz eta usain onei eta txarrei buruzko gogoeta plazaratzen du: zer den usain, zer lurrin, zer kirats… Kukusoa Pantxi txakur dotorearengana iritsi da eta biak, triska, zapart eta jauzi, usain bila abiatuko dira.

Iban Illarramendi eta Eider Perez egileek 5.000 euroko saria eskuratu dute, eta saritutako lana Nafarroako Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2022ko udazkenean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.