
Deialdi honen xedea da Bartzelona Literatur Hiria izeneko programaren baitan egonaldi literarioa egingo duen idazlea hautatzea. Euskal idazle batek 3 asteko egonaldia egingo du han, maiatzaren 27tik ekainaren 16ra.
“Egonaldiaren helburua da euskarazko literatura-sorkuntza sustatzea eta bultzatzea. Era berean, euskal idazleei espazio, denbora, giro eta baldintza ezin hobeak eskaintzea, beren sormenezko idazketa-proiektuari arreta osoz heltzeko, testuinguru egoki batean”.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango du 18 urtetik gorako edozein euskal idazlek, gutxienez liburu bat argitaratuta badu, edozein literatura generotan eta euskaraz.
Euskarazko idazleentzako Bartzelonako egonaldian parte hartzeko eskaerak otsailaren 12tik 27ra aurkeztu ahal izango dira.
Jasoko diren eskakizun guztien artean, balorazio-batzordeak egonaldia merezi duen proiektua aukeratuko du, eta honako hauek ebaluatuko ditu: literatura-proiektuaren interesa, kalitatea eta bideragarritasuna, aurreko ibilbidearen bikaintasuna, eta motibazio-gutunaren egokitasuna.
Betebehar guztiak xehe-xehe azalduta, hemen.