
Estankonak Ardatza izenburuko lana argitaratu berri du, bizkaitarraren hirugarren diskoa da 2010ean bakarkako ibilbidea hasi zuenetik. Disko berri hau aurrekoak baino konplexuagoa da, bai sonoritate aldetik, bai kantuen egituren aldetik.
Hala, diskoan post-rock giroak nagusitzen diren arren, Mediterraneo itsasoak bustitako lurraldeetako musiken oihartzunak ere antzeman daitezke.
Estankonak hirukote formatuan grabatu du diskoa: musikari bizkaitarrarekin Arean taldean aritutako Koldo de Miguel bateria-jotzailea, “Beraien arteko komunikazio ia telepatikoak diskoaren sendotasun eta indarra ekarri du”, eta Iñaki Alonso baxu-jotzailea, azken urteetan Estankonarekin aritu dena teknikari. Alonso, gainera, diskoaren grabazio, nahasketa eta masterizazioaz arduratu da, Gasteizko Sonora estudioetan.
Diskoak 11 doinu biltzen ditu, eta Estankonak orain arte grabatu duen lan osatuena eta arriskutsuena da, bihurgunez, intentsitatez eta ñabardura pertsonalez josia.