
Larunbatean, urriak 2, 20:00etan hasita, Doug Macleod musikari mitikoak kontzertua eskainiko du Ermuako Lobiano kultur etxean. Oholtza bera partekatuko du Nestor Pardo musikariak.
Gaztelupeko Hotsakeko kideek musikari handiaren gaineko zertzelada batzuk eman dizkigute. Hainbat sariren jabe, Doug MacLeod konposaketa bikainaz, gitarrarekin duen magiaz, daukan ahots hunkigarri eta beroaz, asmatzeko ahalmenaz eta ahaztu ezin diren zuzeneko emanaldiez egin zaigu ezagun.
Doug MacLeoden kontzertu baten muinean istorioak kontatzeko duen trebetasuna dago: aurpegirik gabekoak izan edo elezaharretakoak izan, harrigarriro errealak egiten zaizkigu abestietako pertsonaiak. Bere bizitzan eta esperientzietan oinarritutako abestiak idazten eta abesten ditu. Maisu zaharrengandik ikasi zuen eta munta handiko tradizioari atxikitzen zaio.
Gaztetan, Dougek totelka eta isekak pairatuz gainditu behar izan zuen barruko lotsatia. Gitarra bat hartu eta kantatu ondoren, bere ahotsa aurkitu zuen. Hogeita hamar urte luzetan estudioko 21 disko, zuzeneko batzuk, bildumak, blues gitarra menderatzeko DVD bat eta zuzeneko beste bat…
Etenik gabeko lan honek ekarri dio ospean MacLeodi. Artista askok, Albert King, Albert Collins, Joe Louis Walker eta Eva Cassidy barne, bertsionatu dizkiote abestiak.
Arrazoiak soberan daude kontzertu horretara joateko.