ARTEA

Espazioak habitatzeko moduari buruz

Montehermoso kulturuneak eta EHUren Arte Ederren Fakultateak lau proiektu aukeratu dituzte ikasleentzako deialdiaren azken edizioan. Hautatutako proiektuak erakusketa programan txertatuz, Montehermoso kulturuneak profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileen lanak ikustarazten laguntzen du, eta lanerako plataforma eskaintzen die haiei mundu profesionalera hurbiltzeko, eta bide batez sortzaileek eta gizarteak lotura zuzena egiten dute elkarren artean.

Orain, martxoaren 10era arte, Leyre Arraiza artistaren x0x0, zu toles, ni bihur izenekoa erakutsiko da bertan. Proposamen artistiko hori eskultura-proiektu bat da, “espazioak habitatzeko moduari buruz hausnartu nahi duena, nola elkar besarkatzen dugun, eta espazio horiekin dantzan jartzen garen.  Proiektu bat, non materiala, gorputza eta espazioa forma artatze bidean elkarlotzen diren, haren menpe jarri gabe. Gorputza jolaserako lehen keinu gisa ulertzen da. Keinuak biltzea espazioaren zerbitzuan.”

Leyre Arraiza artista plastikoa da, eskulturara emana, baina arkitekturaren eraginpean. Bere lanak habitata ikertzen du. Espazioaren eta gorputzen arteko harremana, paisaiaren egunerokotasunetik behatuta.
Artistak Dekorazio Obren proiektuetan Goi-Mailako Teknikari titulua lortu zuen (Iruñea, 2017). Gerora, baita Arte Ederretako lizentziatura ere (EHU, 2021). Berriki Ikerketa eta Sormena Artean masterra egin du (EHU, 2023).
Hainbat aretotan erakutsi izan du bere lana, esaterako honako hauetan: Nafarroako Gazte Artearen Topaketak (Uharte zentroa, 2021, 2023), Kondestablearen jauregia (Iruñea, 2022), Horkasitas jauregia (Balmaseda, 2022), Aire Galeria (Bilbo, 2023). Herética(s) artista-taldeko kidea da. Saritua izan da Nafarroako Gazte Artearen Topaketetan (2023), eta egonaldi artistikoa egin izan du BilbaoArte Fundazioan (2023).

Katalogo honetan ikus ditzakezue artistaren proposamenak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button