IKUS-ENTZUN

Ibaia ez da toki bat

Nagore Legarreta argazkilariak urtebete pasatu du Urumea ibaiari argazkiak egiten, eskuz eraikitako kamera estenopeikoekin. Gaur, hilak 23, esperientzia artistiko horretatik sorturiko Ibaia ez da toki bat (Bira Produkzioak) izeneko dokumentala pantailaratuko da Lasarten, 18.30ean, Emakume Sortzaileen Jardunaldien baitan. Piezaren egileak Nagore Legarreta eta Beñat Iturrioz izan dira.

Argazkigintza prozesuaren dokumentazio moduan hasi zenak ibaiari buruzko dokumental bat izaten bukatu du, non ibaia nola ikusten dugun eta hark gu nola ikusten gaituen narratzen den. Dokumentala, beraz, barne bidaia akuatiko bat da; izan ere, ibaia ez da toki bat, ibaia geu gara.
Hortaz, testigantza ezberdinak entzunez, ibaiaren inguruko bizipen, ikuspegi eta emozio ezberdinak jasotzen ditu dokumentalak, Urumea bailarako biztanleek ibaiarekin duten erlazioa ur-azaleratuz.

Dokumentala Hernaniko Udalaren Sormen Bekaren laguntzaz osatu zen 2021 urtean. Proiekzioaren ondoren Beñat eta Nagorek dokumentala osatzeko esperientzia partekatuko dute bertaratzen direnekin.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button