BESTELAKOAK

Eskultura eta literatura, bat eginik

Victor Arrizabalaga mañariarrak Beste liburu batzuk erakusketa aurkeztu du Bilboko Foru Liburutegian.

Hamar idazlerekin kolaboratu du literaturari, eta oro har liburuari, eskainitako eskultura seriea gauzatzeko.
Tximiniatik zentzu gabeko berbaroa darien koloretako etxeak, letraz bustiriko aterkiak zein orotariko objektuak biltzen dituzten liburuak dira egile honek sortu dituenak.

Victor Arrizabalagaren (Mañaria, 1957) azken pieza eskultorikoak dira. Metala (altzairua) eta kolorea (bizitasun handikoa) pop ikuspegi batetik modu pertsonalean garatzen du, ironia puntu fin batez.
Lehen aldiz, gai konkretu batekin (liburuaren eta letren mundua) gauzatu du serie handi bat. Modu batera edo bestera (testuak idazteko eskulturak bidaliz edota testu jakin bat abiapuntu hartuta piezak eginez), punta-puntako hamar idazlerekin kolaboratu du: Joseba Sarrionandia, Juan Carlos Mestre, Kirmen Uribe, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Kepa Murua, Mikel Varas, Leire Bilbao eta Unai Iturriaga.

Eskulturekin batera poesia, ipuinak zein prosa surrealista aurkituko du bisitariak erakusketan eta katalogoan. Oraindino guztiz aro digitalera salto egin ez duen liburuari egindako omenaldi poetikoa dugu, erakargarria oso bisualki, literatura bera lez irakurketa anitzekoa, eta gogoeta metaliterariora gonbita egiten duena.

Beste liburu batzuk abenduko 29ra arte da Bilboko Foru Liburutegiko Areto Noblean ikusgai.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button