
Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak zazpigarren urtez abian jarriko dute Sormen Beka Da, aurtengo Durangoko Azokan emango dutena. Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatu eta sortzaile berrien lana ezagutzera ematea da; horrexegatik, 18 urtetik gorako sortzaile berrientzako deialdia da hau. Banaka zein taldeka aurkez daitezke.
Aurreko sei edizioetan, literatura, musika, ikus-entzunezko, proiektu digitalak, arte eszenikoa eta familia transmisioan eragiteko proposamenak saritu dira, eta 2024ko deialdia, esku-hartze artistikoei zuzendutakoa izango da.
“Azken urteetan, Durangoko Azokak Durangoko Arte eta Historia Museoan ere ekitaldiak antolatu ditu. Deialdi honetako sormen bekarako proposamenak museoan edo/eta museo inguruan egiteko esku-hartzeak izan beharko dira, horretarako edozein diziplina aintzat hartuta: piktorikoa, eskultorikoa, ikusentzunezkoa, performatiboa, e.a. “
Aurkeztu beharreko lanek “Euskara Jendea” izango dute gaitzat.
Sarituko den proposamena, 2025ean Durangoko Arte eta Historia Museoan eskainiko da.
Bekaren zenbateko 15.000€ dira eta irailaren 21ean itxiko da lanak aurkezteko epea.
Informazio guztia durangokoazoka.eus webgunean duzue.