ESZENA

2princesesbarbudes taldearen “Gaueko Entziklopedia koxkorra”

 

Helena Casas eta Marc Marcé katalanek osaturiko egitasmoa da 2princesesbarbudes. Bada, asteburu honetan Euskal Herriko hainbat txokotan ibiliko dira: maiatzak 6, ostirala, Bilboko Barrainkuako kultur etxean, 18:00etan; bihar, maiatzak 7, Hondarribiako Itsas Etxea Auditoriumean, 18:00etan; eta igandean, maiatzak 8, Zumaiako Aita Mari zineman, 12:00etan eta Elorrioko Arriolan, 17:00etan. Toki hauetan guztietan Gaueko Entziklopedia koxkorra aurkeztuko dute, Enciclopèdia baixeta de la nit katalanezko diskoaren euskararako egokitzapena dena.

Bikoteak jostailuak erabiltzen ditu, musika-tresna gisa. “Pilarik gabeko jostailu-tresnekin egiten dute musika. Pop estetika minimalista eta poesia letra burutsuak dituzten abestiak interpretatzen dituzte”.

Euskararekiko maitasuna aspalditik datorkio Helena Casasi, izan ere, euskara ikasi zuen Bartzelonako Hizkuntz Eskola Ofizialean Ainhoa Aranburu irakasle zuela; Aranburuk, hain justu, egokitu ditu Gaueko Entziklopedia koxkorra proiektuaren hitzak. “Abentura honetan Ainhoa bihurtu da hirugarren printzesa bizardun”.

Horretaz gainera, Maialen Lujanbio eta Joseba Tapiaren laguntza ere izan du 2princesesbarbudesek . Lujanbiok Ondo lo egin doinua idatzi du, eta Tapiak, berriz, abestu. “Eta bakarkako pasarte bat jotzera ausartu da jostailu-trikitiarekin!”.

“Familia osoarentzako musika-ikuskizunaren formatua du lan honek, clown, objektuen antzerki eta ikusizko poesia ukituekin”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button