ARTEA

“Ertibil Bizkaia” erakusketa ibilitara abian da

Bilboko Rekalde Aretoan bisitatu ahal da 18 artistaren obrekin osatu den Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltaria, gerora Sestao, Elorrio, Balmaseda eta Barakaldotik igaroko dena. 39. edizio honetan, teknika eta espezialitate guztietako 138 sortzailek hartu dute parte 192 lanekin, eta horien artean erakusketa hau osatzen duten hemezortzi obra aukeratu dira.

Aurtengo Ertibil Bizkaia lehiaketako lehenengo saria Iñigo Varona Sanchezek eskuratu du Ocharcoaga obrarengatik; bigarren saria Nora Aurrekoetxea Etxebarriarentzat izan da, Diki 2 obrarengatik; eta hirugarrena, Natalia Suarez Ortiz de Zaratek eskuratu du crema obrarengatik.

Horiez gain, aurtengo taldea beste hamabost artistak osatzen dute: Andrea Aguilera & Jaime Gutierrez, Maider Aldasoro Diaz, Miren Barrena Rebe, Detrito, Mar de Dios, Garazi Etxebarria Azurmendi, Roberto Freire, Tana Garrido, Maider Gonzalo Salceda, Nora Goyalde, Izaro Ieregi, Dogartzi Magunagoicoechea, Oihane Sanchez Duro, Amaya Suberviola eta Imagen 34 Maria del Mar Torre.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak azaldu duen bezala: “Ertibilen inguruan hitz egitea Bizkaiaren gaitasunaren inguruan eta artearen inguruan hitz egitea da. Ikusmen-arteen esparruan eskarmentu handiko proiektu bat delako, gazte sortzaileen espektro artistikoaren alderdirik berritzaile eta sortzaileena barne hartzen baitu. Ikusmen-arteen erakusketa ibiltaria 39. ediziora iritsi da, gaur egungo sorkuntzari ematen zaion bultzadaren tenperatura neurtzeko aukera eskaintzen duen proiektu finkatu gisa”.

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Helena Goñi, Ertibil Bizkaia 2020 edizioko artista irabazlea; Miriam Alzuri, Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzailea; eta Jaime Cuenca eta Peio Aguirre, arte-kritikariak.

Diogun moduan, orain, Bilboko Rekalde Aretoan izango da ikusgai urriaren 12ra arte. Gero, Sestaoko Erakusketen Aretoan jarriko da urriaren 13tik azaroaren 4ra bitartean, eta gero Elorrioko Iturri Kultur Etxean azaroaren 5etik 19ra bitartean. Hurrengo geltokia Balmasedako Horkasitas Jauregia izango da, bertan, erakusketa azaroaren 20tik abenduaren 13ra bitartean egongo da ikusgai. Azkenik, Ertibil Bizkaia 2021 Barakaldoko Erakusketen Udal Aretora iritsiko da abenduaren 14an, eta bertan izango da 2022ko urtarrilaren 7ra arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button