Ertibil Bizkaia Arten Bisualen Erakusketa Ibiltariak Basaurin ekingo dio bere bira artistikoari. Erakusketa Basauriko Ariz Dorrean egongo da ikusgai urriaren 3ra arte eta ondoren Igorren, Derion eta Amorebieta-Etxanon izango da.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako erakusketa honetan, lurraldean bizi eta lan egiten duten 18 sortzaile (hiru sarituak eta 15 hautatuak) berriren lanak erakutsiko dira: Leo Burge, M. Benito Piriz, Lucía Jayo Altamirano, Tana Garrido Ruiz, Maider Gonzalo Salceda, Ángela R., Jon Ander Terroba, Ane Diez de Ulzurrun, Hodei Herreros, Idoia Leache, Julia Martos, Víctor Ortuño, Aida Valdes, Ane Berganza, Unai Cardoner, Martzel do Nascimento Goiria, Garazi Etxebarria Azurmendi eta Bakarne González & Eva Rayak osatutako bikotea.
Mostra artistikoak “gaur egungo arte-panoramaren aniztasuna eta talentu kartsua islatzen ditu”, eta nola ez, lanok (instalazioak, margolanak (olioa, akrilikoa eta pastela), bideoa, eskultura eta argazkigintza) parte-hartzaileen sormena eta adierazpidea islatzen dute.
Obra batzuk nabarmentzekotan, sarituen lanak nabarmenduko ditugu: Leo Burgek lehenengo saria eskuratu du Entre murmullos y cabello lanarekin. “Zortzi marrazkiko bilduma bat da, espazio multidimentsional batean marra eta zatien arteko fusioa esploratzen duena”. M. Benito Pirizek bigarren saria lortu du Abrazo lanarekin, “zulatutako gorputzari buruzko eskultura-hausnarketa zirraragarriarekin”. Azkenik, Lucía Jayo Altamiranok hartu du hirugarren saria, You’ ll Never Guess lanarekin. “Argazki proiektu bat da, irudiak errepikatuz ikuslearen pertzepzioa desafiatzen duena”.
Diogun moduan, Basauritik iragan ostean, erakusketa Igorreko Lasarte Aretoan izango da urriaren 5etik 31ra. Deriok erakusketa ibiltaria hartuko du Kultur Birikan azaroaren 4tik abenduaren 2ra. Eta azkenik, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroa izango da erakusketaren azken geltokia, eta abenduaren 3tik 30era egongo da bertan.