ARTEA

Iruñeko Moises Perez de Albeniz galeriak 15 urte bete ditu

Moises Perez de Albenizen zuzendaritzapean, galeria honek xede bikoitza izan du 1996. urtean bere ateak ireki zituenetik, beti ere arte garaikidearen baitan: batetik, dagoeneko ibilbide sendoa eginda zuten bertoko eta atzerriko artisten lanak erakustea eta bestetik, proiekzio artistiko handiko artistei laguntza ematea eta haien obra sustatzea.

Hamabost urteko bizitza ospatzeko asmoz, galerian erakusketa kolektibo berezia paratu dute MPA Editions izenburupean. Bertan, askotariko lanak ikus daitezke, hala nola, mugen guneetan sortzen diren gatazkak salatzeko ikus-entzunezkoak; artisten kutxak, non estetika edukia bezain garrantzitsua den; argazki iradokitzaileak; bere hizkuntzaren mugak gainditzen dituzten eskulturak edo musikarekin bat egiten duten margolanak.
Artean izaten diren lan-prozesuak aldarrikatzen dituen erakusketa da, eta aldarrikapen hori orain arte oso gutxitan ikusi diren artelanen bidez gauzatzen da. Izan ere, erakusketa hau artisten eta galeristaren arteko elkarlanaren emaitza da.

Erakusketan parte hartu duten artistei dagokienez, zerrenda luzea eta oparoa da, Dennis Adams, Willie Doherty, Txomin Badiola, Javier Balda, Nerea de Diego, Mona Hatoum, edo Miren Doiz, besteak beste.

Iruñeko galeriak atzerriko hiru feriatan parte hartuko du udazkenean: irailean Art Chicago-n (Chicago) izango da; urrian Moving Image-n (Londres) eta azaroan Art Book-en (Nueva York).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button