
Bilbomatiks taldeko Beñat Gabiñarekin eta Andoni Fernandezekin egon gara aste honetan, musikaz eta taldeak aterako duen diska berriaz hitz egiteko.
Noiz eta nola sortu zen Bilbomatiks taldea?
Beñat: Gutxi gora behera duela lau urte hasi ginen Bilbon. Lagun taldean bakoitza instrumentu batekin hasi zen eta erabaki genuen denbora librean ondo pasatzeko elkartzea musikan aritzeko.
Andoni: Gainera gu oso frikiak gara musikarekin eta frikismoa ateratzeko grina bat bazegoen. Taldea sortu baino lehen jadanik hiru lagun Irola irratian hasi ginen, Bilbo goes ska saioa egiten. Astero biltzen ginen ska musikaren inguruko albisteei buruz hitz egiteko, elkarrizketak egiteko…
Eta garai horretan ere ezagutu zenuten Niko, Doctor Deseo eta beste hainbat taldeko partaide izandakoa, ezta?
A: Gure lehendabiziko entsaioak Sanin izan ziren, Musikenen, eta Niko zegoen arduradun. Gure lokaletik pasatzen zen bakoitzean hasten zen: “Hori desafinatuta dago! Horrek gaizki jotzen du! Horrek do-n behar zuen, ez re-n!”. Eta guk garai hartan ez genekien ezta do zer zen ere ez. Taldeko batek soilik zekien musika.
B: Eta egun batean Nikori galdetu genion ia nahi zuen taldean gitarra jo, baietz esan zuen, eta horrela hasi zen taldea. Gero hasi zen jende gehiago etortzen, Niko joan zen eta orain hamar gara.
Zergatik Bilbomatiks izena?
B: Ba taldeko hiru Euskal Herria zuzenean iparraldean egiten den festibalean geunden, eta kafea hartzera joan ginenean kafe makinaren izena Basquematics zen, eta Basque beharrean Bilbo jartzea otu zitzaigun, taldekoak bilbotarrak garelako. Gainera Specials taldearen lehenengo izena The Coventry automatics zen, eta horri keinu bat egin nahi genion, taldeak gugan eragina izan duelako eta hasi ginenean bere bertsioak egiten genituelako.
A: Detergente izena ematen du, ez?
Zer da musika zuentzat?
A: Gure edo nire zoramenaren sendagaia. Musika beti izan dugu hor. Nik adibidez uneoro entzuten dut, etxean, lan egitean,… Musikarik gabe ez dut imaginatzen bizitza.
B: Zoriontsu izateko bide bat, beste bide batzuen artean. Hasiera baten entzuten genuen eta orain guk sortzeko aukera dugu, sormenaren prozesu hortan murgilduak gaude.
A: Gainera zure barneko sentimendu hori ateratzeko ahalmena da. Aportatzen dituzu ideiak eta harrituta geratzen zara, “nola ateratzen zait hau?” Gure taldean ikusten da jendeak aportatzen dituela gauza asko eta hori da barruan ditugulako. Ez gara geratzen frogatzeko ea zer ateratzen den, ez, jendea ideia ezberdinekin etortzen da entsaioetara. Barruan dugun grina ateratzea da.
Zein banda ala musikariren eragina azpimarratuko zenukete zuen musikan? Specials aipatu duzue.
B: Specials bertsioak egiteko orduan bai, entzuteko ere bai, baina konposatzeko orduan, ba ez.
A: Specials indarra hartzeko bai, punk ikutua dute-eta, baina entzuten dugun ska batez ere jamaikarra da, maitasunezko abestiak dira, musikalki oso aberatsak direnak. Baina indarra falta zaie…
B: Letra oso sinpleak eta gehienak instrumentalak dira. Orduan letrak eta gaiak Specials-en garaitik hartzen ditugu edo beranduago egon diren beste talde batzuengandik.
A: Giuliano Palma, Prince Buster, Justin Hinds and the Dominoes, New York Ska jazz Ensemble, Skatalites…
B: Akatz…
A: bai, Akatz, guretzat kriston erreferentzia da.
Lehen esan duzue jamaikarren hizkiak oso sinpleak zirela eta zuen hizkiak sozialki kritikoak izan dira. Musikak kritikoa izan behar du?
A: Bai, beti, beharrezkoa da. Gainera bizi dugun egoera eta bizi garen tokian hori islatu behar da. Hona etortzen diren ska taldeek beti hitz egiten dute azaleko gaiez, ez dira sozialki inplikatzen, eta gure taldeko gehienok zentzu honetan pentsamendu bera daukagu, kalekoak gara etxekoak baino gehiago.
B: Bai. Beno, ska munduan tradizio handia dute abesti instrumentalek, eta aterako dugun diskoan momentuz bi sartuko ditugu, baditugu ere maitasunezko bi abesti, eta kritika soziala jorratzen duten beste bi abesti ditugu. Saldu diguten gaur egungo Bilboren irudi hori kritikatzen dugu, beste batean 80ko hamarkadan egondako Euskaldunaren gatazka biziarazten dugu.
A: Eta Euskaldunaren abesti hortan orain dela bi aste Kukutzan gerataturikoaren inguruan ere hitz egin nahi dugu. Ordutik egoera ez da asko aldatu.
Bilbomatiks Kukutzan kontzertuan.
Nahiko berriak izan arren atzerrian birak egin dituzue.
B: Bai, berezia da zeren gure hasierako sei kontzertuetatik lau izan ziren Italian eta bi Olabeagan. Bertan urtero Euskal Herriarekin lagunek elkartasun aste bat ospatzen dute eta kontaktuak genituenez deitu gintuzten. Eta oso esperientzia polita izan zen, eta berezia, taldearekin uztailean hasi baikinen, kontzertuak otsailean izan ziren. Eta gero jo genuen Bergamon pasadan urtean.
A: Gurekin etorri zen Italiako abeslari bat, ska mundukoa.
B: Arpioni taldekoa. Gero Grezian ere jo genuen, Atenasen urtero egiten den arrazismoaren aurkako festibalean.
A: Eta bertan kriston emakume batek abestu zuen gurekin, funky abeslaria, kriston ahotsa zuena, Dorretta Carter. Jotzen geundela eskenatoki atzean zegoen bere taldearekin dantzatzen eta igotzera gonbidatu nuen eta igo zen… eta pasada bat izan zen .
Zeintzuk dira etorkizunari begira dituzuen proiektuak?
A: Ba disko berria ateratzea
B: Helburua urtarrilean grabatzea da.
A: Santanderren, Roberto Sanchezekin. Bilbon erreferentea izan da reggaearen munduan, gauza asko egin ditu, oso ona da eta oso apala. Eta irrikan gaude berarekin grabatzeko oso ondo egingo duelako bere lana.
B: Asko ikasiko dugulako berarengandik.
A: Eta gero Aste Santuan airean dugu bira bat Itziarren Semearekin atera.
Azkuna is a big monkey man, Bilbomatiks.
Argazkiak: Saioa Cabañas (http://www.flickr.com/search/?q=Bilbomatiks).