BESTELAKOAK

“Ikusi Eta Ikasi” programaren 12. edizioa abian

Euskaltzaleen Topagunearekin batera, Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak,  2 eta 8 urte bitarteko umeei begirako Ikusi eta Ikasi programa abian jarri du. Programa bihar, urtarrilak 26, hasiko da eta apirilaren 16an bukatuko da.

Programa horrek “ume bilbotarren artean euskararen erabilera modu dibertigarrian bultzatzea eta gurasoen artean euskararen transmisioarekiko atxikimendua sustatzea du helburu”, adierazi du Euskara eta Hezkuntza Saileko Zinegotzi Koldo Narbaizak.

Topaguneko programa-arduraduna Aritza Escandonek ikuskizun-programaren 12. edizioa aurkeztu du gero. “Edizio honetako eskaintza era askotakoa da: antzerkia, magia, musika, pailazoak, dantza-saioak, txotxongiloak, ipuin-kontalariak, sukaldaritza-tailerrak, mozorrogintza, musikoterapia, barreterapia eta sormenezko eraikuntza. Guztira, 30 ikuskizun, 24 tailer eta gurasoentzako 4 hitzaldi egongo dira”.

12. edizio honetan 58 jarduera garatuko dira Begoñako, Deustuko, Basurtuko, Errekaldeko, Castaños, Santutxu, Abando eta Zorrotzako udaltegietan, Indautxuko Karmengo eta Bilborock aretoetan, eta Tiboli eta Zamakola eskoletan.  Aurten lehen aldiz Santutxu eta Zorrotzako udaltegietan ere izango da zer ikusi.

Gurasoak ere kontuan hartzen dira Ikusi eta Ikasi programaren barruan. Hala, Iñaki Eizmendi hezitzaileak euskaraz ez dakiten gurasoentzat seme-alabei lagundu ahal izateko orientabideak emango ditu.

Programa oso zabala denez, webgunera jotzea duzue onena agenda kontsultatu ahal izateko:  www.ikusietaikasi.net

“Ekimen hau hasi zenetik, 700 mila parte hartzaile izan dira programan. Oso datu baikorra eta adierazgarria dela uste dugu”, gaineratu du Escandonek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button