ARTEA

Erakusketa apokaliptikoa ikusgai Donostian

Cristina Enea Fundazioak The End. Natura eta profeziak egitasmoa aurkeztu zuen iragan astean. Proiektuak arte erakusketa eta zine zikloa biltzen ditu (zikloaren berri iragan ostiralean eman genuen). Aurkezpen ekitaldian Detritus artistak eta Oier Etxeberriak parte hartu zuten. Detritusek, izan ere, Ecce homo izeneko pintura paratu du bertan. Erakusketa zabalik da irailaren 30a bitarte.

Erakusketak munduaren amaiera du hizpide. Hala, Bixente Ameztoy, Esther Ferrer, Ibon Aranberri, Detritus, Allan Sekula edo Cornelia Hesse-Honegger artistek, besteak beste, hondamendi naturalak, mehatxu nuklearra, klima aldaketa edo bestelako katastrofe apokaliptikoen ikuspegia islatu dute haien obretan.

Oier Etxeberriak dioenez, “Egun, garaikidetasunaren hizkuntza eta gobernua bera apokaliptikoak direnean, The End erakusketa proposamenak hainbat irakurketa egin nahi ditu natura, denbora, klima, gizakiaren ekintza eta ezkortasunaren izatearen inguruan, Artean, Literaturan eta Zientzian sorburua duten hainbat lanek osatutako ikuspegitik”.

Erakusketarekin batera zine zikloa ere abiatu dute eta Them (Gordon Douglas, 1954) 50eko hamarkadako zientzia fikziozko film estatubatuar klasikoaren emanaldiarekin zabaldu zen iragan ostiralean. Terminator, The Incredible Shrinking Man, eta Dr. Strangelove, or How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb filmek osatzen dute programa.

Proiektu artistiko eta apokaliptiko honen xehetasun guztiak cristinaenea.org webgunean kontsulta daitezke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button