
Bihotz ezkutua kantuarekin hasi da gaur goizean Bilboko Kafe Antzokian Enkore taldeak bere lan berria aurkezteko burutu duen prentsaurrekoa. Bertan, Xabi, Urtzi eta Alvaro izan dira lan berriaren nondik norakoak emateko prest.
Baga Biga diskoetxearen ordezkari Ritxiren hitzetan, “hirugarren diskoa oso ariketa polita izan da, hardcore melodikotik, beste melodia batera egin dute salto, eta orain pop-rock melodikoari ekingo diote”. Urte hauetan Enkorek egindako ekarria ezin da ahaztu, hau bere hirugarren lana da. “Kanpoan ezaguna egin da, eta oso talde interesgarria izatera helduko da” gaineratu du Ritxik.
Hortaz, Enkorek bere hirugarren lana aurkeztu du. “Enkoreren arima biltzen duena”, esan du taldeko ahotsak, Xabik; “egin dugun lanik onena baita, eta topikotzat har daitekeen arren oso pozik lotu gara emaitzarekin, superpozik”. Bertan taldearen arima gordetzen bada ere, argi dago lan berri honetan esperimentazioaren bidetik jo dutela. “Arima mantentzen den arren, haratago doazen gauzekin esperimentatzen hasi baikara, elektronikarekin adibidez”, esan du Urtzik. Azken lan hau dantzagarriagoa atera zaie: “ez da bilatutako kontua baina bai, dantzarako aproposagoa dela uste dugu, eta horixe da irten zaiguna”.
Letretan ere aldaketa etorri da, agian modu literarioan atera zaielako, “barnetik sortu diren letrak dira, izan ere , zer esan eta zelan esan asko pentsatutako kontua izan da”.
Urte honetan bertan sorturiko lana ekainean eta uztailean grabatu zuten Tio Pete-n, Jose Lastra, Javi Peña eta Borja Murorekin, eta ekoizpenean Urtzi gitarra-joleak ere parte hartu zuen Lastrarekin.
Bertan adierazi duten moduan, Enkore melodia da, dantza, leloak, rock-core melodikoaren sustraiak, armoniez bizipoza, poparen samurtasuna…