IKUS-ENTZUN

Zinema-denboraldi berria, Tabakaleran

Tabakaleraren 2023ko zinema-denboraldi berria urtarrilaren 13an hasiko da. Aurtengo berritasun nagusietako bat da “erakunde programatzaileek (Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera) programazio jasangarriagoa diseinatzeko ahalegina egin dutela”. Hortaz, Tabakalerako pantailaren programazioa “Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin, Dock of the Bay Musika Dokumentalen Jaialdiarekin, Giza Eskubideen Zinemaldiarekin eta Crossover Series Festival jaialdiarekin koordinatuta egin da, eta hiriko jaialdietako emanaldiekin uztartuta eskainiko da.”

Diogun  moduan, urtarrilaren 13an hasiko da datorren urteko ekitaldia Zinema eta Zientzia zikloaren seigarren edizioarekin, martxora arte luzatuko dena. Ekimenak “kultura zinematografiko eta zientifikoaren transmisioa irmoki bilatzeari jarraipena emango dio, eta urtarrilean iragarriko diren hamar lan eskainiko dira.”

Apiriletik ekainera bitartean, Lumière emanaldiak egingo dira bigarrenez Lyongo Lumière Institutuaren eskutik. Udan, jazz jaialdi-hitzorduekin bat eginez, Euskadiko Filmategiak Jazzinema zikloaren seigarren edizioa antolatuko du.
Eta urtea amaitzeko, euskal zinemagileak izango dira protagonista. Horrela, Euskal Emakume Zinemagileak III zikloak “ikusgai jarriko du beren ibilbideetan gutxienez film luze bat grabatu duten euskal emakume zuzendarien talentua.”

Horretaz gain, Nosferatu zikloa, kasu honetan zinema beltz frantsesari buruzko zikloa izango dena, eta Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dutena, urtarrilaren 18tik abendura garatuko da.

Urtarriletik ekainera, Ruth Beckermann austriar zuzendariaren filmografia osoa eskainiko da.  Haren lehenengo film luzetik hasi, Arena squatted (1977), eta azken lanarekin amaituta, Mutzenbacher, Berlinalen estreinatu eta saritua, eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuena. Guztira, 14 saio izango dira.

Bestalde, Zinema Feministaren Historiak zikloekin jarraituko dute, eta Artium Museoan programatuko dira. Horrez gain, Jatorrizko Soinu Bandaren edizio berri bat ere programatu da. Lehen saioa martxoan izango da, No country for old men filmarekin (Ethan eta Joel Coen) eta Kokoshca taldearen musikarekin. Halaber, zinema familiarraren edizio berriak egingo dira honako hauekin: Kameleoiak Gara!, Zinearen Historia Etengabea eta Zine garaikidearen zikloa.

Eta martxoan ere, Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskolak antolatutako 2022ko Ikusmira Berriak programako egoiliarren aurretiazko lanak eskainiko dira. Saioaren helburua da parte-hartzaileek sakonago ezagutzea zinemagile egoiliarren sorkuntza-unibertsoa, eta elkarrizketa bat partekatzea zinemari buruz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button