Emari 09 Nafarroan orain arte egin den arte garaikideko ekitaldi garrantzitsuenetarikoa izan da. Ekitaldian 50 ikus-artista, musikari eta aktorek parte hartu zuten, eta eskultura, mural, instalazio, proiekzio, performance, tailer eta emanaldiak egin zituzten Ultzamako baso eta herrietan (Odieta, Ultzama, Atez, Basaburua, Anue eta Lantz), Mari euskal mitologiako jainkotasunaren omenez.
Emari proiektuaren estreinako edizioan arte garaikidea eta landatar komunitatean batu ziren, eta uztartze horretatik sortu zen egitasmoaren berezitasuna. Proiektu horretatik ondorio andana atera daiteke, hala nola, arte garaikidea hirietatik herrietara eraman daitekeela, bertatik atera diren pieza askok ingurune horretan soilik egin zitezkeela; edota landa-munduak arte garaikidea jorratzeko modu berriak proposatzen dituela.
Lau hilabete iraun zuen egitasmoak, eta bertan sorturiko aire libreko museoaren berri gaur aurkeztuko den katalogo eta memoria bideografikoak emango du. Huarteko Arte Garaikideko Zentroan aurkeztuko da 18:30ean eta ekitaldian honako hauek izango dira: Koldo Agarraberes eta Antonio Griton (ikus artistak eta Emari 09ko batzorde antolatzaileko kideak), Nerea de Diego eta Iosu Zapata (Emari 09n parte hartu zuten ikus-artistak).
Koldo Agarraberesek bidalita



