
Gotzon Hermosilla kazetaria punk rock zale amorratua da. Crust, hardcore, street-punk eta antzeko kontzertuetan, sarritan ikusi ohi dugu lehenengo lerroetan, baita Izu Giroa euskaraz eginiko punk fantzine bakarra mugitzen ere batetik bestera. Oraingoan, Barakaldo Revienta. Historia secreta del punk rock en Barakaldo (1979-2010) lan mardula idatzi eta argitaratu du Bilboko DDT Banaketak kolektiboaren laguntzarekin. Bertan, 70eko hamarkadatik gaur arte, Barakaldon izandako punk-rock taldeen ibilbideak jaso ditu, musika eztanda horrekin jaio ziren fantzine, jaialdi, diskoetxe eta irratiak baztertu barik. 200 orrialde inguru dira, eta orrialde horietan makina bat talde bildu ditu: 70eko hamarkadaren amaierako aitzindarietatik hasita, 091, Corrupción e Isidoro y su Colección de Puertas Plegables, 80ko urteetako mugimendura, Yo Soy Julio César, Distorsión, Parabellum. Azken 20 urteetakoak ere ez ditu ahaztu Hermosillak, hala nola, Los Dalton, Viernes XIII edo La Casa Usher. Gotzonekin jarri gara harremanetan egitasmoaren berri izateko.
Argazkiak: Joxe Sanpedro
Nola bururatu zitzaizun lan egitea eta zenbat urteko lana izan da?
Duela hiru urte eta erdi hasi nintzen kontu honekin, eta hasierako asmoa zen Barakaldoko punk-rockaren inguruan sortu den mugimendu guztia dokumentatzea, nonbait jasota gelditzea, gaur egun ahaztuta dauden hainbat eta hainbat talderen berri jendeari ematea. Gaur egun badirudi rock’n’rollaren inguruko liburuak, dokumentalak, doktore testuak ere… egitea boladan dagoela, baina gurean nahiko fenomeno berria da, gauza asko daude, nonbait jasota gelditzen ez badira, betiko galtzeko arriskuan daudenak. Barakaldoko taldeen kasuan, nik hori saihestu nahi nuen. Idazten eta informazioa biltzen hasi nintzenean, ez nekien hortik zer aterako zen. Informazioa interneten eskegitzea bururatu zitzaidan, fanzine bat egitea… inprimagailutik atera, fotokopiatu eta lagunei ematea ere pasa zitzaidan burutik. Proiektuak dimentsio handia hartzen zuela ikusi nuenean hasi nintzen liburu bat kaleratzeko ideiaz pentsatzen.
Zer dakar eta nola antolatu duzu liburua?
Kronologikoki antolatuta dago: 70eko hamarkadaren amaierako aitzindariak, 80ko hamarkadan Bunkerren inguruan sortu zen mugimendu indartsua, 90eko beherakadari buru egiten saiatu ziren taldeak, XXI. mendearen hasieran gertatu den loraldi berria… batez ere, taldeak agertzen dira, taldeen biografiak, atera dituzten disko eta maketak eta abar, baina saiatu naiz mugimendu horren inguruan sortu den guztia (fanzineak, aretoak, gaztetxe eta okupazioen historia…) ere jasotzen. Eta, beste aldetik, gertatu den guztia testuinguru historiko-soziologikoan kokatzen ere saiatu naiz.

Distorsion Barakaldoko gaztetxean, 1988 inguruan
Zein izan da proiektuaren alderik zailena edo neketsuena?
Neketsuena izan da batzuk konbentzitzea proiektuaren seriotasunaz eta balioaz. Talde zaharretako jende askoren erantzuna izan da ez daukatela ezer esateko, hobe dela beste taldekideren batekin hitz egitea, edo larunbat gauean garagardo baten inguruan oso berbati agertu, baina elkarrizketa formal bat egiteko aukera planteatzen nuenean muzin egitea… Gehien izorratzen nauena da orain, liburua kalean dagoela, horietako asko hurbilduko direla esanez beraiek ere badutela zer kontatu edo argazki zahar batzuk gordetzen dituztela… Hala ere, beste jende askok ilusio handiz hartu du proiektua, ilusio handia egin dio ikusteak duela hogei edo hogeita bost urte egin zuenak batzuentzat behintzat balioa zeukala, eta prest agertu dira zeukaten informazio guztia emateko. Baina hori ere arazo izan da batzuetan: talde batzuen inguruan ez dago daturik, jendeak gogoratzen duena baino ez dago… eta askotan, memoria ahula da, batez ere hain denbora luzea pasatu denean. Kasu batzuetan, nik gehiago nekien talde batzuen inguruan taldekideek beraiek baino.
Zergatik errotu da zure ustez horrenbeste punk-a Barakaldon?
Hasieran, argi dago arrazoi sozioekonomikoek esplikatzen dutela fenomenoa: 80ko hamarkadan egoera ez zen batere samurra Ezkerraldean, eta, horregatik, eskualde osoan doinu gogorrak lantzen zituzten taldeak asko ugaritu ziren. Barakaldoren kasuan, nik uste dut gakoa izan dela horren inguruan mugitu den giza multzoak jakin duela irauten, talde berriak sortu ziren talde zaharren ereduari jarraituta, eta apurka-apurka, nolabaiteko autonomia eskuratu du mugimenduak. Baina, gauza guztietan bezala, mugimenduaren egonkortze horretan zeresan handia izan dute norbanako gutxi batzuek, modu desinteresatuan lan egiteko prest egon direnak, askotan inongo musika taldetan egon gabe ere: Freak Productions-eko jendea, fanzineak egin dituztenak, Txatarrock jaialdiaren antolatzaileak…

Parabellum, 1987an
Honelako beste liburu bat egitekotan, Euskal Herriko zein herrira joko zenuke bertako punk eszena jasotzeko?
Seguru asko, ni ez naiz egokiena horretaz idazteko, baina Arrasateko kasua oso deigarria iruditu zait beti, eta pentsatzen dut, gainera, Barakaldokoarekin nolabaiteko antza baduela. Han ere, arrazoi sozioekonomikoak zirela medio, mugimendu indartsua sortu zen 80ko hamarkadan, baina gero, ez dakit oso ondo nola, lortu dute herrian mikroklima moduko bat sortzen, mugimendua elikatu duena eta etengabe birsortzeko aukera eman diona.
Liburua euskaratzeko asmoa daukazu?
Hasieratik nahiko argi neukan liburu honekin traizio txiki bat egin behar nuela. Kontatzen dudan historia, zoritxarrez, erdaraz garatu da: 1990era arte itxaron behar dugu euskarazko lehenengo kantua aurkitzeko, eta liburuan aipatzen diren ehun disko, maketa, zuzeneko grabaketa eta abarretan arakatu eta euskarazko kantuak aukeratuz gero, CD bat betetzeko lain ere ez genuke izango. 25 lagun inguru elkarrizketa egin ditut, eta elkarrizketatuetatik uste dut pare bat baino ez direla euskaldunak. Zoritxarrez, hori izan da Barakaldoren egoera soziolinguistikoa, batez ere 80 eta 90etako hamarkadetan. Beraz, liburua euskaraz eginez gero, sentitzen nuen istorioa itzultzen ari nintzela eta nolabaiteko traizioa egiten niola. Aldiz, erdaraz argitaratuz gero, nire buruari egiten nion traizioa, nik sinesten dudanari. Ez zen hautu erraza. Oraingoan, istorioari fidel izatea erabaki dut.
Liburua euskaratzeko aukera beti dago zabalik. Dena dela, horren laburpen luze-luze bat euskaraz argitaratu zen iaz Barakaldoko gai historikoak jorratzen dituen K aldizkari-urtekarian (deskargatu K aldizkaria).

Gotzon Hermosilla, irratian
Nola lor daiteke liburua?
DDTk argitaratu du, eta beraiek arduratzen ari dira banaketaz, betiko sare alternatiboa erabiliz. Beraz, horrelako produktu ez komertzialak banatzen dituzten ohiko lekuetan egongo da salgai (DDTren dendan bertan, Bilboko Street Warriors dendan, Donostiako Eskizon…). Horretaz aparte, Barakaldoko taberna eta kontzertuetan ere egongo da salgai. Eta postaz eskatu daiteke barakaldorevienta@gmail.com helbidean.



