Zineuskadik, Tabakaleraren laguntzarekin, Noka Ekoizpena programa koordinatzen du. Bada, aurtengo ediziorako izen-ematea zabalik izango da otsailaren 12ra arte. Deialdia Euskal Herrian jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak esku artean dituzten emakume zuzendari berriei zuzenduta dago.
Egitasmoaren helburua da “Euskal Herriko emakumezko zuzendari berrien film luzeen azken fasean tutoretza eta laguntza eskaintzea. Hautagaiek aurre-produkzioaren hasierako urratsetan egon beharko dute Estatu mailako ekoizle hasiberri baten eskutik. Emakumezko ekoizle horiei prestakuntza emateko xedea ere badu programak, eta zuzendari lankidearen gidoiaren gainean lan egiteko aukera izango dute bertan”.
Horretarako, ekimenak bi lan-ildo izango ditu: gidoia bukatzea eta ekoizpena.
Noka Ekoizpenak denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskainiko dizkie zinegileei, eta horretarako, lau tutore arduratuko dira hautatutako bi proiektuei jarraipena egiteaz: Mar Coll eta Itsaso Arana, gidoiaren eta zuzendaritzaren atalean, eta Chelo Loureiro eta Valerie Delpierre, ekoizpenaren arloan.
Otsailaren 28an jakinaraziko dira programan aukeratutako proiektuak.
Jakingarri guztiak: Zineuskadi