
Artium Museoak Juncal Ballestín Nazioarteko Beka deitu du arte feministaren historiografiari eta museoko bildumarekin zerikusia duten emakume artistei buruzko ikerketa-proiektuei laguntzeko. Ikerketa garatzeko 7.000 euro bideratuko dira, eta eskabideak aurkezteko azken eguna martxoaren 10a da.
Deialdi honen helburua “ikerketa-proiektu bat aukeratzea da, Euskal Herriko eta nazioarteko arte feministaren historiografiari ekarpen esanguratsua egingo diona eta/edo museoaren eta bere Bildumaren programazioarekin zerikusia duten emakume artista eta pentsalarien ekoizpena aztertuko duena”.
Edozein nazionalitateko ikertzaileak aurkeztu ahal izango dira, adin-mugarik gabe, banaka, edo kolektibo baten gisan. Eskatzaileek ikerketa-proiektu bat, argitaragabea, aurkeztu beharko dute eta gero, bederatzi hilabeteko tartea izango da ekoizteko.
Ikerketa-bekak Juncal Ballestín (Gasteiz, 1953-2015) artistaren izena darama, bere bizi-ibilbidea konpromiso feministak markatu zuelako, eta, bere obrari dagokionez, askotariko materialak, bitartekoak eta teknikak erabiltzeagatik bereizi zelako: pintura, marrazkia, instalazioa, bideoa, lan grafikoa…
Parte-hartzeko oinarriak Artium Museoaren web-orrian daude eskura.