MUSIKA

Elortegi Anayak, Los Cosméticos eta Noga taldeak Rockein lehiaketako finalean lehiatuko dira

Larunbatean, Rockein lehiaketaren finala egingo da Basauriko Social Antzokian, 21:00etatik aurrera. Agertokian hauexek arituko dira: Elortegi Anayak (Bakio), Los Cosméticos (Bilbo) eta Noga (Zarautz).

Elortegi Anayak izan baino lehen, Killminister izenarekin igotzen ziren bizkaitarrak oholtzara, baina orain, izen berriarekin, taldea helduago ageri da. Disko berria, Elortegi!!, heldutasun horren seinale da, Aitor Abio ekoiztua, Mungiako Gaua estudioan. Hirukoteak bederatzi doinu bildu ditu lan horretan, rock’n’roll gordinetik eta power-pop dotoretik edaten dutenak. Taldearen arabera, hauexek dira gustuko dituzten taldeak: Buzzcocks, Undertones, Real Kids, Nerves, Hoodoo Gurus, Redd Kross…

Los Cosmeticos, berriz, Bilboko Deustu auzoko taldea da. Oraintsu, Danze! Zizek! Danze! izenburuko estreinako lana plazaratu du. Taldea osatzen duten musikariak makina bat taldetan aritutakoak dira, tartean, La Hora del Primate, Inserta, Cápsula edo Elfo Negro. Hirukoteak post-punk kutsuko rock garaikidea egiten du. Horretaz gainera, punk rock, garage-rock edo psikodelia tarteak ere antzematen dira, erritmo dantzagarriagoei bizkarrik eman gabe.

Noga, azkenik, Zarauzko country, folk eta rock egitasmoa da. Living on the mountain izenburuko lana plazaratu du, eta eragin klasikoak, Bob Dylan, zein garaikideak, Ed Sheeran edo The Passenge, erakusten dituzte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button