MUSIKA

Elorriok Jazz-Blues jaialdia hartuko du hamabostaldi honetan

Bihar, hilaren 15ean, hasiera emango zaio Arriolako 35. Jazz Blues jaialdiari. Aurtengo edizioan bost proposamen musikal igoko dira oholtzara: Hilario Rodeiro Quintet, Enrico Crivellaro & Italian All Star, La Blues Company, Broken Salad eta Move Quartet.

Lehen egunean, nazioartean prestigio handia duen Hilario Rodeiro galiziarra izango da protagonista. Bere azken lana, Pausa, aurkeztuko du, pop-rock instrumentala, ganbera-musika eta jazz esperimentala hibridatzen dituena.

Hurrengo egunean, 22:00etan, Italiako Enrico Crivellarok eskainiko du kontzertua. Bere estiloak bluesarekiko sentimendu indartsua erakusten du, eta jazza, swinga, zydecoa, countrya, gospela ere maisuki menperatzen ditu.

Azaroaren 23an, ordu berean, La Blues Company taldea entzuteko aukera izango da. Ñaco Goñi harmonizista historikoa, Paul San Martin pianojolea, Edu Bighands eta Fernando Beiztegui gitar-joleak eta abeslariak, eta Martí Elías bateria-jolea daude proiektu horretan.

Azaroaren 28an, 21:00etan hasita, Broken Salad bandaren txanda izango da. Euskaraz, woloferaz, frantsesez, gazteleraz eta ingelesez abesteaz gain, askotariko soinuak erabiltzen dituzte.
Eta azken egunean, azaroaren 29an, 20:00etan, Move Quartetek bere kantuak eskainiko ditu. Momentum izeneko lana aurkeztuko du taldeak, eta jazz klasiko eta folklorikoa herri-musika garaikidearekin nahastuko ditu beste behin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button