ARTEA

Errepikapenaren bidezko margolanak

Alfredo Álvarez (Gasteiz, 1960) Plágaro izeneko erakusketa paratu du Gasteizko Artium museoan. Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak bidali duen oharrean jasotzen denez, “aretoaren antolaeraz baliatzen da ikuslea bisualki harrapatzeko; horretarako, moduluak errepikatu eta hainbat formatu erabiltzen ditu”. Erakusketa zabalik dago irailaren 2ra bitarte.

Plágaro arabarraren Cuadros iguales saileko lanez osatua dago eta lau espazio hartzen ditu. Lehenengoan, olan meheko akrilikoan egindako 150 piezako sail bat dago; bigarrenean, teknika berarekin egindako berrogei modulu daude; hirugarrenean, bertikalean kokatutako 150 margolan berdinek estaltzen dute U formako aretoaren barrualdea, eta laugarrenak, berariaz erakusketarako egindako sail bat hartzen du, kasu horretan olio pinturak dira.

Margolanen errepikapena funtsezko elementua da erakusketan. Izan ere, errepikapen horren bitartez, espazioak ironiaz eta umorez beteta daude. “Errepikapenari pinturari berari baino garrantzi handiagoa ematen dionez, zalantzan jartzen du pinturaren sagaratzea”. Era berean, ohikoak ez diren formatuak erabiltzeaz gain, koadroak paratzerakoan askatasun osoz jarduten du. Horrela, pinturaren kontzeptu konbentzionala eta tradizionala haustea lortzen du.

Erakusketarekin loturiko xehetasun guztiak artium.org webgunean kontsulta daitezke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button