ARTEA

Windsor Kulturgintzan sortzaile gazteen lanak

Bilboko Windsor Kulturgintzan EHUn ikasitako sortzaile gazteen lanak bildu dituzte WestKunst izenburupean. Erakusketa ikusgai dago urriaren 15era bitarte. Xabier Sainz de Gorbea Arte Ederretako irakaslea eta galerista da komisarioa, eta hamar artistaren lanak ikus daitezke.

Tamara Garcia, Abian Gonzalez, Kemen Iruretagoiena, Maite Leyun, Jaime Mañas, Ester Pastor, Igor Rezola, Sandra Rilova, Marta Rubio eta Augusto Sanchezek paratu dituzte euren artelanak Windsor Kulturgintzan: pinturak, eskulturak, argazkiak, ekintza errealen bideoak eta aretoan bertan eginiko lanak.

Hala, 80ko hamarkadako euskal eskulturaren eraginak dituztenen artelanak jarri ditu Abian Gonzalezek. Maite Leyunek, berriz, zeramikazko patinak. Errepresentazioari dagokionez, Sandra Rilovak eta Augusto Sanchezek lan piktorikoak paratu dituzte.

Ester Pastorren materialek, bestalde, gorputza eta sexualitatea dute ardatz, parodiaz eta ironiaz beteriko ikuspegi feminista tarteko. Marta Rubiok poesiarekin tentsioan bizi diren bonbillak paratu ditu Bilboko galerian; Tamara Garcia Jimenezen argazkiek zaintza sistema kolokan jartzen dute; Jaime Mañasen argazkiek, aldiz, bihotzaren lapurreta salatzen dute, eta, azkenik, Igor Elorzak grabaturiko bideo-lanek mugan grabaturiko irudi gatazkatsuak erakusten dituzte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button