BERTSOTAN

Nik ere kantatu dut eta kantatuko

“Kantatzea delitu bada, epaitu gaitzatela bertsolariak, munduko txori guztiekin batera.
Elkartasuna delitu bada, lotu ditzatela gure mingainak, elkartzen diren esku eta beso guztiekin batera.

Bertsoa delitu bada, sartu ditzatela errimak zurezko kutxa mutu eta huts batean, hildako eta zigortutako kantari eta poeta guztiekin batera.
Kalejira bat delitu bada, itxi ditzatela munduko kale guztiak, inor alai eta pozik ibili ez dadin jira biran.

Hemen eta orain, kopla batek estatu baten epaile gorenen eta legediaren zigorra merezi badu, erre ditzagun mendez mendeko baladak, erromantzeak eta kontakizunak.
Gure hitza delitu bada, moztu ditzatela milaka euskaldunen belarriak.
Plazara ateratzea ez bada legezko, itxi ditzatela plaza guztiak lau hormez eta burdin txarrantxaz.

Jardun batekiko maitasunak elkartu gaitu hemen, Iker eta Jagobarekiko elkartasunak. Bertso-eskolan hitzarekin batera irakatsi ziguten askatasuna; batak ez duela balio bestea gabe. Askatasunetik jarraituko dugu plazan eta askatasunetik jarraituko dugu bertsolaritza aberasten, ikertzen eta transmititzen. Bertsolariok ez baitakigu beste era batera bertsoa egiten, pentsamendu libretik ez bada, hasieratik azken punturaino”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button