
2014an, Sarri, Hitzez eta Ahotsez izeneko ekitaldia antolatu zen Durangon, Joseba Sarrionandiaren literaturaren inguruan, eta oso harrera ona izan zuen. Iaz berriz, Sarrionandiaren literaturan oso esanguratsua den gai baten inguruan ardaztu zen ekimena, eta Itsasoa Hitzez eta Ahotsez antolatu zuten. Eta bertan, Eider Rodriguezek hitzaldi berezi bat eskaini zuen Itsasoa da bide bakarra titulupean.
Hain zuzen ere, gaur berton, Eider Rodriguezek hitzaldi horixe eskainiko du, Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan.
Idazle oreretarraren lehen saiakera liburua da hau, eta Utriusque Vasconiae argitaletxearekin kaleratu du. Aurretik, Rodriguezek Eta handik gutxira gaur, Haragia eta Katu jendea ipuin liburuak kaleratu ditu.
Obra berri honetan, Sarriren 1981 eta 2001 urteen artean argitaratutako lanetan itsasoak duen pisua aztertu du Rodriguezek, izan ere, bere izkribuetan itsasoa ez da itsaso soila: Euskal Herriaren gatazka politikoaren sinboloa da.