BESTELAKOAK

Eibarko Udalak gorazarre egingo dio Juan San Martin euskaltzainari

Juan San Martin euskaltzainaren jaiotzaren mendeurrenaren kariaz, Eibarko Udalak gorazarre egin nahi izan dio herriko seme kuttunetako bati,  eta hala, Euskaltzaindiarekin batera, gogora ekarriko dute ekainaren 22an egingo den ekitaldian. Bertan, Luis Alberto Aranberri Amatiño eta Jabier Kaltzakorta arituko dira hizlari eguerdiko 12:00etan izango den Ageriko bilkuran.

Juan San Martin, Euskaltzaindiak urgazle izendatu zuen 1958an, eta 1964an euskaltzain oso. Euskaltzaindiko idazkaria izan zen 1967-1978 aldian, eta 1988. urtean euskaltzainburuorde. Arantzazuko 1968ko bileran, euskara batuaren aldeko apustu sendoa egin zuen, ezbairik gabekoa; eta hilabete batzuk lehenago, haren ekimenez, idazle talde batek Ermuko Zina deritzon dokumentua izenpetu zuen, hizkuntzaren batasuna eskatzeaz gain, herri-hizkeren garrantziaz ohartaraziz: “Euskararen enborretiko adarrak dira euskalkiak, eta adarrak sano izango baditu, enbor sendoa eta osasuntsua behar du. Euskara Batuaren sendotasunak hobeto gordeko ditu euskalkiak ere”.

Jaioterrian, San Martinek lan handia egin zuen hainbat arlotan: Klub Deportiboan arrastoa utzi zuen mendizaletasunean, espeleologian eta eskaladan; eta, Deportiboko Kultura saila sortzeaz gain, kirol-ekintzen osagarri, hango liburutegia garatu zuen, hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta erakusketa antolatuz. Bera izan zen, Euskaltzaindiak antolatuta, Eibarko Amaya antzokian 1962ko azaroaren 11n egin zen Gipuzkoako Bertso Txapelketaren finalaurrekoaren bihotza eta arima, non Lazkao Txikik irabazi zuen Eibarko Udalaren kopa.

Eragile eta sustatzailea izan zen, haren ekimenari esker sortu ziren Euskal Idazleen Elkartea eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea; Egan aldizkaria eta beste hainbat asmo ere. Idazle eta artezale porrokatua, hainbat argitalpenek darakutsate haren luma zorrotz eta gai askotarikoa.

Biharkoan, Luis Alberto Aranbarri Amatiño kazetaria eta ohorezko euskaltzaina eta Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoa arituko dira hizlari, aurrenak Sorlekutik sorlekura, eta hurrenak Juan San Martinen gaztetako lanak, Zirikadak eta Eztenkadak, berbagai hartuta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button