
Sormenaren Kabia beka Alkizako natura-ingurune paregabe batean sormenerako denbora, espazioa eta arnasa eskaintzen dituen egonaldia da. Izena emateko epea irekita egongo da maiatzaren 27ra arte.
Beka honen helburua da “artistei praktika artistikorako gune bat eskaintzea, sorkuntza artistikoa gizarteratzea eta artisten lanari ikusgarritasuna ematea. Era berean, kultura hiriguneetatik haratago zabaldu nahi dugu, landa-eremuko herri txikiak sormen-proiektu garrantzitsuak garatzeko toki bikainak direla erakutsiz”.
Onartuko diren diziplinak arte plastiko eta bisualak, arte eszenikoak, dantza, arkitektura, musika, literatura edo zinema, besteak beste. Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake. Egonaldia 2026ko iraila eta abendua bitartean gauzatuko da, eta data zehatzak antolakuntzarekin adostuko dira.
Hautatuko den proiektuak 1.800€ko saria jasoko du. Ordainketa bi zatitan egingo da: 1.350€ egonaldia hastean, eta gainerako 450€ak amaierako memoria aurkeztu ondoren.
Jakingarri guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.



