ARTEA

Eguneroko munstroak

Ekainaren 29ra arte, Asuntzi Martinez Ezketa artistak  Munstroak izeneko erakusketa ikusgai izango du Zarautzeko Photomuseum aretoan.

Munstroak erakusketak bere burua ikusarazi nahi duen neska batez dihardu. Emakume batek egindako argazkiak dira, isiluneak isilarazi nahian. Biak, neska eta emakumea, lotzen dituen distantzia zalantzaz, segurtasunik ezaz eta beldurrez betetako bidea da: munstro izugarriak, eguneroko munstroak, inoiz biak ozta-ozta menderatzen dituztenak.

Artistak testu hau idatzi du irudiak osatzeko: “Masustak lehortu dira. Txikitako gauza gutxi geratu zaizkit gogoan, eta azkenaldian, ez dut nire bizitzako garai hartan pentsatu ere egiten, tristeegi jartzen nau. Ez dut triste egon nahi. Alabaina, masusten zaporea gogoratzen dut, eta haren esku luzeak eta hezurtsuak, masustak hartzen. Ez dut gogoratzen haren eskua nireari helduta, baina haren eskua gogoratzen dut, masusta handien eta gozoenak nire eskuaren gainera erortzen utziz, masustei putz egin ostean, oinarrizko garbiketa bailitzan. Oroitzapen gozagarria da eta, hala ere, negar eginarazten dit kanpotik eta erabateko isiltasunean amilarazten nau barrutik. Agian, buruan dudan zaintzaldi urrienetakoa delako. Agian, masustak nahi nituelako, baina eskua ere nahi nuelako. Agian, berriro ere masustarik jan ezin izan dudalako bera gogoratu gabe eta barru-barruan kalte egiten didan isiltasun zapaltzaile hau sentitu gabe. Eta amorrua ematen dit, masustak izugarri gustatzen zaizkidalako. Masustak lehortu dira. Ez dut metafora hoberik aurkitzen”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button