LITERATURA

Loroak, hondartzak eta sexua

Gaur berton, urtarrilak 24, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, Erein argitaletxeak hiru lan berri aurkeztu ditu: Zestoako loroa (Iñaki Zubeldia), Kontxako haur galduak (Seve Calleja), eta Nahiago nuke mutila banintz! (David Duran).

Gazteentzako lan hauetan denetarik topatuko ditu irakurleak, loro baten bizitza ere bai. Gineatik Zestoara ekarri zuten Pepe, loro sinpatikoa, eta ez zuen gehiago herri honetatik alde egin nahi izan. Hementxe bizi izan zen zoriontsu, gehienbat tren geltokian. Balneariora zetorren handizki jendea handik pasatzen zen, baina haiek bezalaxe maite zuen Pepek herriko jende xehea. Okerrena etorri zen trenak abiatzeko txilibitua jotzen ikasi zuenean… Ez zuen ba egun batean txilibitua jo, behar ez zenean, eta ia-ia istripu larri bat eragin!

Bigarren laneko trama guztia Donostiako Aste Nagusian gertatzen da, Kontxako hondartza eta Santa Klara uhartearen artean: Urkok, Ainhoak, Malenek, Denisek eta Felixek Piraten abordaiaren jaia bizi nahi dute hurbiletik. Hain hurbiletik, badiako gabarroiaren gainean bukatu baitute uhartera bidean. Uharte bat da Santa Klara, dena misterioz, eta altxorrez betea, eta gure neska-mutikoek babestu behar dutena.

Hirugarren lana esaldi honetan biribil daiteke: “Sexuaz jakin nahi zenuen ia guztia eta galdetzeak lotsa ematen zizuna”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button