EZLEKUBAT

“La bamba” ikasiz jotzen hasiko ez den kitarrista belaunaldi berria

Gaurko gaia nire zirkunstantziekin bat dator, zeren irakasle hasi naiz kitarra klaseak ematen. Lehenago eman izan ditut baina orain desberdina da, 8 urte inguruko haurrak baititut, eta adin horretatik helduak arte. Nire pedagogiaz ariko naiz gaur, sortzen zaizkidan hausnarketetaz lagundurik. 

 

Hasteko, haurrekin egiten ditudan klaseetan ez zait gustatzen patroi zorrotzak erabiltzea. Argi dago kitarra jotzen irakatsi behar diedala, baina batez ere instrumentuarenganako maitasuna transmititu nahi diet. Neronek, eta tituluaren harira, ba bai, La bamba ikasi nuen bere garaian, eta nahiko zaharra den “erromantze anonimoa” ere bai. Musikari familiatik etorrita, kitarra klasikoaren zenbait oinarritatik abiatu nintzen. 

 

Aldiz, irakasle moduan hasita, pedagogia berritzaileei lotu natzaie, ondo pasatuz ikastearen ideiarekin. Beraz, kitarra itzulipurdika darabilgu klaseetan, esku ahurrekin erritmoak eginez, kitarra sokak lotzeko lekuan soinuak atereaz, kitarraren soinuak ahoko silabekin lagunduaz. Nire esperientzia laburrean esan dezaket ikasle haurrek pozez hartzen dituztela ariketak, beren aldetik esperimentatzen hasten direla eta “zeozer” bat piztu zaiela barruan, musikarekiko eta musikarekin jolasteko zaletasun bihurria. 

 

Beste ariketa bat koloreetan oinarritzen dut, ikasleei “gorri” edo “berde” jo behar dutela esanaz. Nire harridurarako, “gorri” edo modu kaotikoan eta “berde” edo modu lasai eta patxadatsuan jo behar dutela aste batzuk esaten neramatzala, Hiromi Uheara piano-jole handiari irakurri nion txikitan pianoarekin hasita bere irakasleak ere koloreen arabera jotzeko ariketa jartzen ziola. Gaur egun, jazz pianista handi eta ezaguna da. 

 

Bestaldetik, Donostiako Artelekuko tailer batean ikasitakoak ere aplikatzen ditut. Fennesz kitarrista tartean zela, 15 bat lagun egon ginen tailer batzutan nola inprobisatzen ikasten. Txundituta geratzen naiz haurrek nola erantzuten dioten inprobisazioaren teknikari, galdera eta erantzunen bitartezko jolasari. Nik esaldi bat egiten dudalarik, adibidez kolpe zehatz batzuk jarraian, eurek erantzun behar dute gauza bera errepikatuz. Gauza zabaldua da musikaren irakaskuntza ofizialean (kontserbatorioetan eta abar) inprobisazioa (noizbait ikasten bada) oso azkenerako uzten dela. Noizbait entzun izan dut sekulako pianista edota instrumentistak, bizitza osoa ikasten zeramatenak, partitura kendu eta ez zirela gai ezer jotzeko. Hortaz txikitatik inprobisatzen ikasteko garrantzia.   

 

Ba hortxe nabil, La bamba ikasiz jotzen hasiko ez den belaunaldi berria prestatzen, ea zer nolako musikariak ateratzen diren!! (post-data: La bamba jo nahi badute aterako dute euren kabuz, diñot).

 

 


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button