
Maiatzaren 10ean, larunbata, BEST Durango, Durangoko emakume sortzaileen topaketa egingo da Plateruenan, 11:00etatik aurrera. Hitzordu hau BEST-Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketaren barruan kokatu behar da, baina kasu honetan, Durangoko Udalaren eta Zelako Kultur Ideiak kooperatibaren artean bultzatuta.
Betiko legez, helburu nagusia “tokiko emakume sortzaileen lana identifikatzea, ikusaraztea eta indartzea da, kultura arloan genero berdintasuna sustatuz eta hainbat diziplinatako sortzaileen arteko lankidetza eta ikaskuntza partekatuko sare bat sortuz”.
Egun osoko saioa izango da, eta goizean Hitza izenburupeko tartean hausnarketak eta elkarrizketak antolatuko dira. Literatura, antzerkia, musika, dantza, arte plastikoak, argazkilaritza, bertsolaritza, zirkua, ikus-entzunezkoak edo performancea gaien inguruko arlotan adituak diren emakumeek gidatutako mahai-inguruak eskainiko dira. Lehenengoa, Txanpon baten truke izenekoa, 11:30ean hasiko da, eta Irati Bilbaok, Maite Lopezek eta Erika Lagomak parte hartuko dute. 13:00etan, bigarren mahai-ingurua egingo da, Txanponaren bi aldeak izenburupean, Marisa Barrenak, Arantza Arrazolak eta Maider G. Etxegibelek parte hartuko dute.
Arratsaldean, tokiko emakume sortzaileek beren artea zuzenean partekatuko dute Ekintza izeneko esparruan. Berbak sare poesia errezitaldia ere antolatu da, eta jardunaldiari amaiera emateko, 17:00etan, Eukene abeslaria arituko da.