LITERATURA

Munduaren ikuskera Atxagaren pentsamenduan

Martxoaren 20tik apirilaren 7a bitartean, Obabakoak eleberriaren 25. urteurrenaren kariaz, hitzaldiak, zine emanaldia, antzerki lanak eta Atxagari buruzko ikus-entzunezko baten estreinaldia antolatu dira Centro Dramático Nacional, Casa del Lector, eta Matadero Madrid zentroetan.

Atxagaren unibertsoa (El universo Atxaga) lemapean, Bernardo Atxagari dedikaturiko  kultur egitarau berezi hau abiatuko da martxoaren 20ean.  Bertan estreinatuko da mundua ulertzeko duen ikuskera biltzen duen ikus-entzunezkoa. Carlos Rodriguezen zuzendaritzapean egin da lana eta Mari Jose Olaziregik eta Estibalitz Ezkerrak idatzi dute gidoia, eta azkenik, Etxepare Institutuak ekoitzi du lana.

Beste aldetik, Atxaga arteetan erakusketa zabalduko da Matadero Madrideko Cineteca-n. Etxepare Euskal Institutuak sortu du esposizioa, eta Itziar Zubizarreta idazlea izan da komisarioa. Apirilaren 7a arte izango da erakusketa, non Atxagak beste sortzaileekin (musikariak, ilustratzaileak, idazleak,…) duen harremana atzeman daitekeen.

Ziklo berezi honen barruan ere, Atxagaren Soinujolearen Semea eleberrian oinarritutako antzerki lana ikusi ahalko da Madrilgo Centro Dramático Nacionaleko Valle-Inclán Antzokian, martxoaren 22tik apirilaren 7ra bitartean. Patxo Telleriak idatzi du testua, Tanttaka Teatroa konpainiak ekoitzi, eta Fernando Bernués-ek zuzendu.

Horrez gain, martxoaren 23 eta 24an Atxaga zinean izeneko zikloa egingo da Matadero guneko Cineteca-n. Bertan lau film emango dira: Bernardo Atxagari eta bere lanari buruzko Leku hutsak, hitz beteak dokumentala, Joxeanjel Arbelaitzek egindakoa, Montxo Armendarizen Obaba, Aizpea Goenagak zuzendu zuen Zeru Horiek, eta Imanol Rayoren Bi anai.

Azkenik, martxoaren 25ean, Bernardo Atxagak Arraiatutako harri baten aurrean erreakzioak hitzaldia eskainiko du Centro Dramático Nacionaleko Valle-Inclán Antzokian. Mintzaldian bere mundu poetikoz hausnarketa egingo du. Hitzaldiak musikaren bitartez segida izango du; geroago, Ruper Ordorika kantariak eta Arkaitz Miner musikariak eskainiko dute kontzertua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button