IKUS-ENTZUN

Lasarte-Oriak “Euskal dokumentalen zikloa” atondu du

Martxoaren 17tik 27ra bitartean, Lasarte-Orian, Euskal dokumentalen zikloa ekimeneko pieza zinematografikoak ikusgai izango dira bertako Manuel Lekuona Kultur Etxean.

Herri horretako martxoko kultur agendaren barruan, eta beste kontu askoren artean, zinemak protagonismoa hartuko du, eta Okendo Zinema Taldeak antolatuta, euskal zinemagileek sorturiko film sorta berezi bat pantailaratuko da.
Hala, etzi hasita eta 27ra bitartean, bost lan-dokumental pantailaratuko dituzte Euskal dokumentalen zikloaren barruan.
Diogun bezala etzi, hilak 17, abiatuko da zikloa Bolante baten historia (Iñaki Alforja eta Iban Toledo, 2021) filmarekin. “Bortxazko desagerpen batek ez du soilik desagertuaren bizitzarekin amaitzen, uretara botatako harri batek sortzen dituen uhinen antzera, orbain emozional bat uzten du familia eta gizartearengan. 80ko hamarkadaren hasieran, Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea zen Jose Miguel Etxeberria Alvarez, Naparra, desagerrarazi zuten. Gurutzatutako komunikatu, errebindikazio desberdin eta axolagabekeria judizialaren artean, familiak desagerpenari erantzun bat ematen saiatu zen. Anaiaren desagerpenak irekitako zauria sendatzeko asmoz, Eneko da berrogei urte baino gehiago iraun duen bilaketaren lekukoa hartu duena”.

Datozen saioak honakoak dituzue: martxoaren 19an, Apaiz kartzela (Ritxi Lizartza, David Pallares eta Oier Aranzabal, 2021); martxoaren 24an, Hijos de Dios (Ekain Irigoien, 2021), martxoaren 26an, Tipularen sehaska kanta (Lander Garro, 2021); eta martxoaren 27an, Aita Mari (Javi Julio, 2021)

Saio guztiak 20:30ean izango dira aipaturiko Manuel Lekuona Kultur Etxean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button