ESZENA

Dantzaldia Ibiltaria hiriburuetan aritzeko prest

Gaur goizean Dantzari Ibiltariak ikasturte berrirako bere proposamenak luzatu nahi izan ditu, dantzazale guztiak motibatzeko eta dantzan beldur barik aritu behar dela esateko. Musikariez eta dantza-maisuez osatutako Aiko Taldea berrikuntza ederrarekin etorriko da aurten, hiriburuak berreskuratzea dantza toki legez.

Hala, herrietatik salto egingo dute kapitaletara eta Bilbon eta Donostian saio bereziak egingo dituzte, soka-dantzak, arin-arinak, polkak, jotak eta bestelako koreografia saltseroak irakasteko. Honetaz gain, Galdakao, Sopela, Zarautz, Gernika eta Durango ere bisitatuko dituzte dantzari amorratuok. Modu xume eta erraz batean, eta batez ere gertutasunez, dantzan ikasteko oinarrizko ezagutza bat eskainiko zaie parte-hartzaileei. Datorren urrian hasiko dira ikastaro trinkoak eta ekainera bitartean luzatuko dira.

Honi guztiari giro ederra eransteko hileroko erromeriak egingo dira Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Bertan aukera egongo da tailer eta ikastaroetan ikasitakoa praktikatzeko, gehiago ikasteko, dantzan gozatzeko, beste zaletu batzuk ezagutzeko, etab.

Eta honekin lotuta, Dantzari Ibiltariaren aurkezpen jaialdi handia egingo da, larunbat honetan, irailak 15, Bilboko BBK Aretoan. Demo-tailerra 18:00etan hasiko da eta 20:00etatik aurrera erromeria elegantea.

“Haurrentzat, zaharrentzat, nahi duen ororentzat eginak daude gure dantzak, eta horretarako irakasten ditugu, ikaragarria baita ehun pertsona-edo, guztiak batera dantzan ikustea”, esan du Sabin Bikandi Aiko taldeko kideak. “Landa-eremuko baserritarrei lotutako irudi erromantikoaren gainetik, hiriak ere dantza tradizionalaren berezko ingurune izan dira, eta halaxe jarraitzen dute gaur egun ere. Horregatik Bilbo eta Donostia birkonkistatuko ditugu”, gaineratu du.


Ekimena abiatu denetik mila lagun inguruk hartu dute parte dantzaldietan eta honek guztiak animatu ditu berriz egitasmoa abian jartzeko. Aiko taldekideko Sabin Bikandik umoretsu esan duen bezala: animatu eta dantza egin!!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button