MUSIKA

Dock of the Bay dokumental musikalei buruzko jaialdia egingo dute asteon

Musika dokumentalak ardatz dituen Dock of the Bay jaialdiaren bosgarren edizioa egingo dute asteon Donostian. Hala, ostegunetik, -hilak 12-, igandera bitarte hainbat dokumentala ikusi ahalko dira. Filmez gain, kontzertuak eta erakusketak ere izango dira Trueba eta Principal zinema-aretoetan, eta Gazteszenan.

Hala, ostegunean hasiko da jaialdia Talihina Sky: The Story of Kings of Leon (Stephen C. Mitchell, AEB) Kings of Leon rock taldeari buruzko dokumentalaren proiekzioarekin.

Ostiralean, berriz, bi film izango dira ikusgai: Joe Strummer The Clash taldeko liderrak Granadan igaro zituen egunak jasotzen duen Quiero tener una ferretería en Andalucía (Carles Prats, España), eta 70eko hamarkadan Iggy Pop, Lou Reed eta David Bowie musikarien artean izan zen harreman kontatzen duen The Sacred Triangle: Bowie, Iggy & Lou 1971-1973 (Alec Lindsell, AEB).

Larunbatean hiru film izango dira. The Black Power Mixtape 1967-1975 (Göran Hugo Olsson, Suedia eta AEB), Fermin Muguruzak zuzenduriko Next Music Station: Morocco eta The Queen talde ingelesari buruzko Days of Our Lives (Matt O’Casey, Bretainia Handia).

Azkenik, igandean, Toots and the Maytals Jamaikako ska eta reggae talde mitikoaren ibilbidea jasotzen duen Reggae Got Soul (George Scott, Bretainia Handia) filma proiektatuko dute, eta egitaraua Don Argott eta Demian Fenton zuzendari estatubatuarrek filmaturiko Last Days Here lanarekin amaituko da. Film horrek Bartzelonako In-Edit jaialdian Nazioarteko Dokumental Onenaren saria jaso zuen.

Dokumentalez gain, kontzertuak ikusteko parada ere izango da jaialdiaren baitan: Audience, John Doe eta Rafael Berrio, eta Slim Cessna’s Auto Club.

Amaitzeko, nabarmendu behar da Zine ilustratzaileak: XX. mendeko Poloniako kartel zinematografikoa erakusketa ere ikusgai izango dela Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan.

Ekitaldiekin loturiko xehetasun guztiak, ordutegiak, tokiak, eta bestelakoak, jaialdiaren webgunean biltzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button