MUSIKA

Disko sorta berria, Supersweet, Noizean Behin, Disturbio eta Lain

Albiste ona, aste honetan disko interesgarriak iritsi zaizkigu Nontzeberrira: Supersweet banda donostiarraren The Hereafter estreinako lana, Noizean Behin laukote bizkaitarraren Errautsez Urrats EPa, Aguraineko Disturbio laukotearen Daños y Prejuicios eta Lain taldearen Leihoak.

Supersweet taldea Chico Boom taldearen jarraipena da. Bertan, Surfin’ Kaos edo Señor No taldeetan arituriko musikariek jotzen dute. Egun taldea Alvaro T.-k (teklatuak eta koruak), Andoni Etxebeste (bateria eta koruak) eta Imnaol G.A.-k (gitarra eta ahots nagusi) osatzen dute. Hirukoteak 60ko eta 70eko hamarkadetako pop eta rock klasikoa jorratzen du, psikodelia zantzuak ere antzematen dira. The Hereafter donostiarren lehendabiziko grabazioa da eta ziur gaude harrera ona izango duela rock-and-roll zaleen artean.

Nozean Behin, berriz, Mungia inguruko lau musikariren egitasmoa da, eta euren proposamenean rock gogor garaikidea da nagusi: gitarra riff indartsuak, ahots melodikoak eta intentsitate handiko uneak, Queens of The Stone Age, Screaming Trees eta antzeko banden erara. Oraingoan zazpi kantu bildu dituzte Errautsez Urrats EPan.

Disturbio punk eta rock banda arabarrak, halaber, Daños y Prejuicios laugarren lana argitaratu du Baga Biga diskoetxearen eskutik. Diskoan bilduriko kantuetan 77ko punk rocka, 80ko hamarkadako Euskal Rock Erradikaal, eta 70eko hamarkadako hard rocka dira ardatzak.

Amaitzeko, Villabonako Lain talde gazteak Leihoak bigarren lana argitaratu du Elkar zigiluaren laguntzarekin. Argitaletxeak ohar bidez jakinarazi duenez, “ohartu gabe, kantatzeko, dantzatzeko eta bizitzeko sekulako gogoa sortzen da gugan”.

Show More

Related Articles

Back to top button