ESZENA

Break danceko munduko txapeldunak, “BreakOnStage” jaialdian

Gaur goizean, Bilboko Udaletxean, Bilbao Ekintzako Jarduera Bultzapenaren zuzendariak, Marije del Blancok, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol eta Gazteriaren zuzendari nagusiak, Maitane Leizaolak, eta sustatzaile artistikoak, Imanol Garaizabalek, Break on stage Bilbao 2015 Kultura Urbanoen Jaialdia aurkeztu dute.

BreakOnStage Kultura Urbanoen Nazioarteko Jaialdia, Bilbao Arenan egingo da hilaren 25ean, eta bertan, break dance estiloko munduko txapeldun The Predatorz talde errusiarraren parte hartzea bermatu da.

“Gazteek egindako kultura gaztea da ikusiko duguna eta sustatzen duguna”, adierazi du Marije del Blancok, eta hala da, izan ere, kultura urbanoaren nazioarteko show ikusgarrienak bilduko dira apirilaren 25ean Bilbon, “gero eta arrakastatsuago bilakatu den espektakuluan”.

Kirola, dantza estilo ezberdinak, akrobaziak, kultura alternatiboa, denetatik ikusi ahalko da jaialdi horretan. Dantza urbanoari dagokionez, break dance estiloko bi talderen presentzia nabarmendu behar da: une honetan mundu mailako txapelduna den The Predatorz talde errusiarra, eta Infamous frantziarrak, Europako break dance talde onena. Biak aurrez aurre neurtuko dira, eta horrek sekulako interesa piztu du mundu osoan. Horiez gain, Berlineko Sebastian & Honji bikotea eta Madrilgo Silvi R. Mannequeen artista ere bertaratuko dira.

Esan bezala, akrobaziak eta kirolak ikusteko abagunea ere egongo da, tartean, Scooter Freestyle (akrobaziak patineteekin), BMX Freestyle (akrobaziak bizikletarekin), Parkour & Street Stunt (hirian jauzi egiteko artea) eta Cyr Wheel modalitateak.

Musika ere ez da faltako, eta eguna agurtzeko, Sevillako Shotta rap kantariak eta Bilboko La Bandha del Patio rap taldeak kontzertua eskainiko dute.

Informazio gehiago ekimenaren webgunean begiratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button