LITERATURA

“Denbora, kantak eta islak” izenburupeko hitzordua, Arriaga Antzokian

Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatzen duten Literatura eta Musika Euskaraz zikloaren barruan, Bernardo Atxaga eta Mikel Azpiroz bilduko dira gaur, hilak 13, Arriaga Antzokian, Denbora, kantak eta islak izenburupeko emanaldia egiteko, 19:00etatik aurrera.

Poesia eta musika uztarturik izango dira berriz Bernardo Atxaga eta Mikel Azpiroz sortzaileen eskutik Denbora, kantak eta islak emanaldian. Mikel Azpirozen Islak disko berria 1978ko Steinway & Sons B ereduko isats-piano bikain batean interpretatzen dituen bederatzi konposizio propioz osatutako bilduma da, eta errezital honen abiapuntua izango da. Pianoak, gainera, testuetarako bidaian murgiltzen lagunduko dio Atxagari (Azpirozen diskoa inspirazio handia izan da berarentzat).

Asteasuko poetak honako hausnarketa luzatu du: “Denbora ez da inon era berean ezartzen: ez gauzetan, ez animalietan, ez beste errealitateetan. Poliki-poliki ezartzen da esate baterako harrian; harri batzuetan, ehunka edo milaka urte behar dira antz emateko moduko aldaketa bat gertatu aurretik. Lorean, berriz, ez da halakorik; gehienek sasoi bat irauten dute, hilabete banaka batzuk. Animalien erresumari dagokionez, modu batean jasotzen dute loroek eta dortokek denbora; tximeletek, bestean. Zer esanik ez ephémeros deitzen diren eltxoek. Gogoan izan beste errealitate batzuk ere: idatzita iristen zaizkigun musikak, testuak…”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button