
Basarrik 1931 eta 1943 urteen artean idatzi zituen kazetari lanak Joxemari Iriondo kazetari eta ohorezko euskaltzainak bildu ditu Basarri. Gerraurrean kazetari. 1931-1935 eta Basarri. Gerratean kazetari. 1936-1943 izeneko lanetan. Liburuok Auspoa bildumaren barruan kaleratu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Goian aipatutakoez gain, Iriondok Iñaki Eizmendi Basarri Zarauzko bertsolari handiari buruz beste liburu asko kaleratu ditu hala nola Basarri I. Bat-batean, Basarri II. Jarritako bertsoak eta Basarri. Zarauzko berriak 1931-1936.
Irionaok, hitzaurrean hauxe dio: “Bere mendeurreneko ospakizunetan behin eta berriz agindu genuen, eta azkenik ere argitaratu ditu Auspoa sailak Basarri gerraurrean kazetari (Auspoa 328) eta Basarri gerratean kazetari (Auspoa 329) liburuak. 1931tik 1943 arteko Basarriren laurehun idazlan inguru bildu dira beroietan. Basarri gerraurrean kazetari liburuan, 1931n hasi eta 1935 arte Euzkadi eta El Día egunkarietan, eta Argia astekarian argitara emandako idazlanak bildu dira. Eta Basarri gerratean kazetari (Auspoa 329) liburuan, 1936tik 1943 arte Euzkadi, El Día eta Eguna egunerokoetan, eta Euzko Deya eta Tierra Vasca-n emandakoak. Bigarren liburu honetan jaso ditugu Trabajadoreetan ibili zen garaiko (1940–1943) zenbait bertso eta gutun ere, oraindik argitara emateke zeuden-eta.
Ez gara ausartzen Basarriren garai hartako idazlan guztiak jaso ditugula esaten, garai horietan argitara emandakoren bat edo beste geldituko baitzen ez dakigu zein herri-aldizkaritan edo auskalo non. Baina esan dezakegu ahaleginak egin ditugula bilketan, han eta hemen aztarka”.



