
David de las Heras (Bilbo, 1984) EHUko Arte Ederretako ikaslea da, baina jada makina bat erakusketetan esku hartu du, bereziki 2009 urtean, hala nola, Getxoarte 09, Zeitgeist 09 edo Superpop. Bilbotarraren obran ohikoak dira formatu handiko koadro hiperrealistak, baina azken boladan haurrentzako ipuinak ilustratzen ere aritzen da.
Bada, Martin, de grumete a capitán (Thule) da ilustratu duen lehenengo ipuina. Liburu horretan egin duen lana hartu du ardatz Bilboko Garabat denda eta galerian ikusgai dagoen erakusketak. Ipuinak asko dauka komikitik.
Artistak azaldu duenez, zerbait desberdina egin nahi zuen, haurrei zuzendutako bere estreinako lana izan baita: “Ilustrazioak detaile handikoak dira”. Hala, irudiak akrilikoarekin egin ditu, paper gainean. Beste batzuk, berriz, bi tintarekin egin ditu, bi tintak bereiziz: “orrialde bakoitza serigrafia txikiak izango balira bezala”
Horretaz gain, artista bilbotarraren bestelako lanak ere ikus daitezke Garabaten. David de las Herasen berri izateko, sartu Nontzeberriko Bisualak atalean.



