Aretxabaletan, urtarrilaren 25etik 27ra bitartean izango da Huezinema. Egitarauan, zinema aretoko jarduerez gain, bestelako ekintzak ere burutuko dira, tartean, ElektroPottotti elektrotxarangaren eta DJ Julenen emanaldia Aretxabaletako kaleetan zehar, eta Hazi Eusko Jaurlaritzaren erakundeak eskainitako ardo dastaketa.
Bihar bertan abiatuko da jaialdia, goizeko 10:00etan, haurrentzako Orkesta Lurtarra proiekzioarekin. Filma Euskadi Saria irabazi zuen Harkaitz Canoren Orkestra Lurtarra liburuan oinarrituta dago. Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute filma eta azken honek idatzi du musika guztia. Eta Harkaitz Canok berak eta Eneko Olasagastik josi dute gidoia.
Egun bereko eguerdian eta arratsaldean, Ikasle eta Bideoklip Sailen proiekzioak ikusi ahal izango dira.
Urtarrilaren 26an, osteguna, pertsona nagusiekin batera egingo den proiekzioarekin abiatuko da eguna. Hauek Senior Saria erabaki eta Haziren eskutik ardo dastaketa izango dute.
Arratsaldean, bikoizketaren mundua ezagutzeko aukera izango da, Ane Aseginolaza (Doraemon, Sorgin aspertua…) eta Arantxa Moñux (Nobita, Hiru hirukiak,…) adituei egingo zaien elkarrizketaren bitartez. Geroago, 18:00etan, Oñatiko Antixena gaztetxearen eskutik, Mari lanaren proiekzioa izango da, eta egileekin solasaldia ere antolatuko da.
Urtarrilaren 27an, sail ofizialaren proiekzioa izango da. Proiekzioak amaitzean, sari banaketa egingo dute, eta bertan elkartuko dira lehiaketako partaideak, epaimahaikideak, babesleen ordezkariak, ikasleak, gerturatzen diren ikusleak eta antolakuntzako kideak.
Huhezinema jaialdiaren sari nagusia: aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onenarentzat izango da. Bestelako sariak ere izango dira, hala nola, Vertigo Saria edo Senior Saria.
Informazio guztia Huezinemak dauka.