MUSIKA

Datorren astean abiatuko da Tolofolk musika-jaialdia

Aurtengo Tolofolk musika-jaialdiak hainbat kontzertu eskainiko ditu datorren aste osoan, hilaren 23tik 27ra arte. Asturiasetik edota Madriletik etorriko diren proposamen musikalekin batera, jaialdia ixteko, okasiorako prestatutako kontzertua eskainiko dute Erramun Martikorenak, Elene Arandiak, Mixel Ducauk, Garazi Esnaolak eta Oreka TX taldeak.

Tolofolk musika-jaialdiaren bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta betiko legez, folk musikaren alorreko puntako musikari eta taldeez gozatzeko aukera eskainiko du, “kultura herrikoiari oihartzuna eta indarra emateko asmoz”.
Orotara, zortzi hitzordu izango dira: ikus-entzunezko baten proiekzioa eta zazpi kontzertu.

Apirilaren 23an abiatuko da jaialdia Euskal herri-musika dokumentalaren emanaldiarekin. Fernando Larrukertek 1978an zuzendutako lana da. Filma duela urte batzuk digitalizatu bazen ere, urte luzez itzalean egon da, baina aurten pantaila handian proiektatzeko aukera lortu du JeaJeaka Kultur Elkarteak. Euskal Herriko musikagintzako artista garrantzitsu asko agertzen dira dokumentalean: Juan Mari Beltran, Maurizia Aldeiturriaga, Jean Mixel Bedaxagar, Lazkao Txiki eta Lopategi, Artze anaiak, Txomin Artola eta beste asko.

Larunbat goizeko kaleko emanaldiez gain, hainbat kontzertu programatu dira talde hauen eskutik: Deira, The Battle of the folk Bands lehiaketa irabazi duen talde ez-eskoziar bakarra; nazioartean nabarmentzen ari den Caamaño&Ameixeiras bikote galiziarra; folk elektronikoa jorratzen duen Lapurdiko Zeze artista; aho-soinua jotzen duten Landa aita-semeak; eta artzain-tradizioa zabaltzen duen Juanma Sanchez eta Luis Payno bikote madrildarrak.

Eta goian aipatu dugun bezala, emanaldi berezi batek emango dio amaiera aurtengo jaialdiari: Erramun Martikorenak, Elene Arandiak, Mixel Ducauk, Garazi Esnaolak eta Oreka TX taldeak okasiorako prestatutako kontzertu bat eskainiko dute igandean.

Xehetasun guztiak: Tolofolk.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button