ESZENA

Herritarren parte-hartzearekin arte eszenikoak sustatu

Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuen Elkarteak, publikoarenganako hurbiltasun eta elkarlana bilatzen duten ekintza ezberdinak martxan jarri ditu Eskena 2.0 izenburupean. Horretarako, gaur berton, Eskena 2.0 Euskal Antzerki I Jaialdiaren programazioa aurkeztu da Bilbon.

Ekitaldi ezberdinak programatu dira urriaren 10tik 13ra Bilboko BBK Aretoan ospatuko den Eskena 2.0 Euskal Antzerki Jaialdia-aren barruan.

Astearen hasiera Hortzmuga konpainiari egokitu zaio. Hauek, Bilboko Metroko igogailuko leku konkretuan antzerki ekintzak eta pieza bereziak (minutu batekoak) burutuko dituzte hilaren 9an, “antzerkia kaleko norbanakoei hurbiltzeko asmoarekin” .

Dar-Dar produkzioak, ostegunean, 19:30ean, Pasado mañana lana eskainiko du. Etzi lanaren gaztelaniazko bertsioa da hau eta Karlos Linazasororen izenburu bereko ipuinaren egokitzapena da. Down sindromedun pertsonengana eta beraien familiengana hurbiltzen laguntzen duen ikuskizun hunkigarria da hau, beti ere, umore, intriga eta drama puntu batez.

Ostiralean, urriak 11, Arabako Pikor Teatroak S@rebegian izeneko obra oholtzaratuko du 10:00etan, non gazteek pantailekin (tb, mobila, bideo-lokuak,…) duten harremanaz mintzatzen den.
Ados Teatroa konpainiako Figurantes antzezlanaren munduko lehen emanaldia ikusteko aukera ere izango da Asier Hormaza eta Oscar Terolekin, ostiral honetan, 20:30ean. Herri lasai batera zinemagilea dator eta lasaitasun hori hankaz gora jartzen da.
Teatro Parasio Antzerkia Vuela si puedes lana eta Hika Teatroren Ilargiaren bi aldeak obra, larunbat eta igandean ikusi ahalko dira, hurrenez hurren, 18:00etan.

Eta azkenik, azaroaren 23an, Agerre Teatrok giza partaidetza bilatzen duen emanaldi berezia eskainiko du Otxarkoagan lekutua dagoen Harrobia Zentroan, Santutxuko talde kultural ezberdinekin elkarlanean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button