EZLEKUBAT

Mushroom Caffeine: “Kontzertuetarako doinu aspergarririk ez”

Hondarribiko Mushroom Caffeine (MC) bikoteak, gitarra eta bateria, Liquid izeneko disko plazaratu berri du; bikoteak (gitarra eta bateria) psikodelia zantzuekin jantzitako garage-rock garaikidea jorratzen du.

Diskoak hamar kantu biltzen ditu, eta Jorge Reboredo musikariak grabatu, nahastu eta masterizatu ditu 2013ko urrian, grabazioa taldearen bandcamp webgunean entzun daiteke. Halere, diskoa binilozko formatuan ere eskura daiteke, Psilocybina diskoetxearen bitartez.

Taldekideekin solastatu gara taldearen eta disko berriaren nondik norakoak jasotzeko.

Zuen lehen disko luzea argitaratu duzue baina denbora da jotzen ari zaretela. Noiz eta nola sortu zen proiektua?

Bai, denbora dezente daramagu jotzen. Duela 20 urte juntatu ginen jotzen ez genekienean. Elkarrekin ikasi dugu, eta handik hona eraginak partekatu ditugu, eta jende ezberdinekin izan gara beste talde batzuetan, elkarrekin eta banaturik ere bai.

MC duela bi urte sortu zen. Oso zaila zen beste formazio batzuk mantentzea eta biok, musikalki, alde berdinerantz jo nahi genuenez, bakarrik egitea erabaki genuen, gitarra eta bateria.

Diskoak soinu ederra du. Zuzenekoaren soinua diskoan islatu nahi izan duzue, ala bi aldeak banatu dituzue eta estudioan esperimentatu?

Zuenekoan, gitarra bat dagoen arren, soinu ezberdinak botatzen dituzten bi anplifikadore erabiltzen ditugu, bi gitarra une berean berdina jotzen arituko balira bezala. Lehen diskoan, tranpa bat egin dugu, eta bi gitarra baino gehiago sartu ditugu, pixka bat esperimentatu dugu, baina LPan zuzenekoari fidelak izan gara, eta antzeko soinua dauka.

Zelan izan da Reboredorekin lan egitea? Zergatik aukeratu zenuten?

Bada, oso ondo. Soinu-teknikari gisan, beste askok bezala, apetak ditu, baina asko daki ofizioaz, eta gainera oso ondo moldatu gara berarekin. Asko murgildu da proiektuan, eta uste dut gozatu egin duela. Gure soinua kalitateko bilakatzeko baten bat nahi genuen, baina mikroak eta soinu kalitatea erabiltzen dakien bat, ez. Gu ulertzen gaituen bat, rock asko entzun duen bat. Gomendatu ziguten eta merezi izan du.

Lehenago ere 10” bat grabatu duzue. Zeintzuk dira biren arteko ezberdintasunak? Reboredoren eskua nabaritu da bigarren lan honetan, ezta?

10″ hura ere berarekin egin genuen. Baina honetan guk oso argi geneukan zer nahi genuen, eta hori nabaritzen da. Aurrekoa, pixka bat artifizialagoa da.

Asko harritu gaitu diskoa ixten duen kantuak. Buenavista eskolako zantzua du; agian, doinu horretan gaztelania aukeratu duzuelako?

Bai, gaztelania aukeratzerakoan Buenavista bezalako soinua du, eta gainera oso rockeroa da. Izan ere, lehen aldiz jo genuenean, heldu zitzaigun lehen iradokizuna: “ Nuevo Catecismo bezalako soinua dauka, ezta?”, baina letra ez da hain zuzena.

Diskoa zuek autoekoitzi duzue, esfortzu handia izan da? Nola lor daiteke?

Bai, guk autoekoitzi dugu; egun, oso zaila da beste moduren batean egitea, baina, era berean, duela 20 urte baino errazagoa da autoekoiztea. Gainera, bestelako abantailak ere baditu, seguru diskoetxedun hainbat talde arituko direla euren buruei galdezka ea zergatik ez duten euren kabuz diskoa atera.

Egia da, esfortzua handia izan dela, alde ekonomokotik batik bat. Diskoan Hondarribiko Psilocybenea elkartearen zigilua agertzen da, elkarte horren partaide baikara; elkartearen aldetik laguntza nahikoa jaso dugu, eta eskertzekoa da, irabazi asmorik gabeko elkartea baita.

Banaketari dagokionez, diskoa kontzertuetan saltzen dugu, eta Irungo Bloodymary disko-dendan edo bere webgunearen bitartez. Bloodymaryko Juancarrek asko lagundu digu taldea promozionatzen. A! eta binolozko formaturik ez baduzu nahi, mushroomcaffeine.bandcamp.com webgunean deskarga dezakezu.

Zuen musikan 60ko hamarkadako garage-rock zantzu nabarmenak antzematen dira, baina ez zarete ohiko revival talde bat.

Arrazoia duzu, garage-rocka gure azken eraginetakoa da, gehiago 80koa 60koa baino, baina nahi gabe grunge ukitua ere ateratzen zaigu, edo punk-rock, eta batzuetan heavy-a ere, azken 20 urteotan askotariko musikak entzun eta jo ditugu.

Bai, punk-rock-aren arrastoak nabaritzen dira, baina gero eta gutxiago psikodeliarenak, izena kutsu lisergiko argia izan arren.

Tira, asko gustatzen zaigu psikodelia, betidanik gustatu zaigu, agian, horregatik gustatu zitzaigun izen hori, kasualitatez sortu zena. Bai, uste dut ukitu psikodelikoa daukagula, baina ez dugu estiloetan pentsatzen kantuak egiterakoan, nahikoa prozesu instintiboa da; halere, kontzertuetarako aspergarriak izan daitezkeen doinuak baztertzeko joera nabarmena dugu, agian, horregatik ez dago horrenbeste psikodelia. Gustuko dugu jendea dantzan ikustea emanaldietan, beti lortu ez arren. Hala, egun, gusturago gaude garage-rock kutsuko edo grunge estiloko doinuak jotzen; aurrerago, gerta daiteke psikodeliara jotzea, batek daki.

Zein talde garaikide duzue gustuko? Eta Euskal Herriko zein talde gustatzen zaizkizue?

Egun, asko gustatzen zaizkigu Ty Segall, Night Beats, Temples, Cosmonauts, Acid Baby Jesus… Agertokietan, gainera, talde oso interesgarriak eta dibertigarriak ezagutzen ari gara; tartean, Madrileko Biznaga edo Buildings, biak ala biak oso onak, zuzenean batik bat. Vigoko Fanatsmage ere oso onak dira, gure azken deskubrimendua dira.

Euskal Herriko eszenaren harira, Cancer Moon betidanik gustatzen zaizkigu, eta asko gozatzen genuen Nuevo Catecismo Catolicoren kontzertuetan.Jotzen hasi ginenean asteburuko planik onena NCC ikustea zen. Jupiter Jon eta Ziburuko The Lookers ere asko gustatzen zaizkigu. Seguru gehiago daudela inguruan, baina ez daukate jotzeko aukerarik, edo ez dugu haien berri.

Psilocybeneari lotutako taldea zarete, iaz 20 urte bere dituen lokala eta elkartea. Zer ekarri dizue ibilbide luze horretan?

Hondarribin talde txiki asko gaude, askotarikoak: techno-a egiten dutenak, gazteek ondo pasatzeko eratu dituzten banda txikiak… gero pauso txikiren bat eman duten taldeak daude: kontzertu asko egiten dituztenak, kantuak argitaratu dituztenak… dena dela, horrenbeste denbora eta gero, ez dira gehiagorik eratu. Ez da batere erraza, baina uste dugu Hondarribin mugimendua badela, baina ez da horrenbesterako, apur bat chauvinista da, eta batzuetan sentitzen dugu kudeaketa gehiegi dagoela eta musika gutxi.

Hemendik talde garrantzitsuak atera dira, Dut eta Beti Mugan oso ondo daude. Horrekin batera, kontzertuak egiteko areto zoragarria daukagu, eta gure taldeak zabaltzeko eta berriak ezagutzeko aukera ematen digu. Batasuna ere ematen digu. Ederra da benetan, honelako zerbait izatea hiri txiki batean. Udalak ere zerbait egin beharko luke. Psilocybenearen balioaz ohartuko balitz, aspektu batzuk profesionalizatuko lirateke. Lan handia da Psilocybenea mantentzea; ea,  behintzat beste 20 urte gehiago jarraitzen duen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button