MUSIKA

Tight Leash metal taldearen hedonismoa

Bilboko Tight Leash boskoteak Hedonism izenburuko lehenbiziko diskoa argitaratu berri du; bilbotarren jarioan emakumezko ahotsak, sintetizadore industrialak eta gitarra riff pisutsuak uztartzen dira.

Diskoan jasotako bederatzi doinuetan melodia eta indarra batzen dira; bederatzi doinuak metal garaikidearen edo metal alternatiboaren erakusle dira.

Taldeak bidali duen oharrean jasotzen denez, “Estimatzen dituzten AEBetako eta Europako banda diferenteen eraginak ondo barneratu dituzte, gero beraien proposamenarekin metal eszenari ekarpen berri bat eskaintzeko”. Hala, taldearen proposamen metalikoa Evanescence, Amaranthe edo Ankor gisako taldeen soinutik gertu dago.

Taldea 2011an eratu zen Bilbon, eta ondoko musikariek osatzen dute: Serra (teklatua); Darsen (gitarra); Xandra (ahotsa); Jandro (gitarra) eta Duko (bateria). Banda osatu eta gutxira hasi ziren kantuak idazten; horietako batzuk estreinako lanean jaso dituzte.

Diskoa, hain zuzen ere, 2013an grabatu dute Chromaticity estudioan, Pedro J. Monge teknikariaren gidaritzapean. Taldea, egun, lan berria aurkezten ari da Euskal Herriko hainbat agertokitan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button